«Onartua, maitatua eta errespetatua»
22. Lilatoia. Martxoaren 13an jantziko dituzte korrika egiteko zapatilak emakumeek eta atzo egin zuten aurkezpena antolatzaileek. Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna aldarrikatzea da lasterketaren muina eta dagoeneko bere lekua lortu duela uste dute antolatzaileek. «Onartua, maitatua eta errespetatua da lasterketa une honetan» adierazi zuen Lilaton Taldeko Arantxa Gurmendik. Hala ere, ez dira konforma errazak eta oraindik gehiago nahi dute. «Guztiz fundamentuzko kirol ekitaldia izatea nahi dugu, baina berea duen xarma galdu gabe», zioen Gurmendik.
Zorionekoak sentitzen dira Lilaton Taldeko kideak, Emakumeen Etxearekin elkarlanean aritzeagatik, lehen aldiz. Iazko azaroan zabaldu zituen ateak Okendo kaleko egoitzak eta inguruko emakume guztiei zuzendutako gunea da. Bertan, tailerrak, liburu aurkezpenak… antolatzen dituzte. Kontuak kontu, Lilatoiak bertan du harremanetarako gunea eta izen ematearen inguruko edozein zalantza bertan argituko dute, martxoaren 1etik aurrera. Afedegirekin ere adostasunera iritsi da Lilatoia eta aurten, lehen aldiz, izen emateak Internet bidez bakarrik egiteko aukera egongo da.
14-16 urtekoei, bultzada
Urteen poderioz, geroz eta partaide gehiago biltzea lortu du lasterketak eta iaz goia jo zuen, 2.000 korrikalarirekin. «Lorpen handia izan zen, aurreko urtean baino ia 800 korrikalari gehiago bildu baitziren», argitu zuen Gurmendik. Aurten, iazko partaidetzara heltzea espero dute eta, oraindik handiagoa bada, orduan eta hobeto. Marisa Sarriak azaldu zuenez, otsailaren 1ean zabaldu zuten izena ematea eta dagoeneko 500 emakume baino gehiagok eman dute izena, beraz, bide onetik doazela diote. Hala ere, antolatzaileek badute bete beharreko eginkizun bat, 14-16 urte arteko emakume gazteen partaidetza bultzatzea. «Kirol adituek askotan aipatzen dute adin horren bueltan emakumeek kirola egiteari uzten diotela, ez dutelako erreferenterik», adierazi zuen Gurmendik. Hori hala, Euskal Herri osoko eskoletara zuzendu dira eta bertako kirol arduradunekin harremanetan jarri dira. Helburua Lilatoia gaztetxoengana hurbiltzea da, baina oraindik ez dakite zein emaitza lortuko duten.
Ibilbideak ere, hainbat aldaketa izango ditu, iazko partaidetzarekin arazoak izan zituztelako irteeran eta helmugan. Beraz, aurten Bulebarrean hasi eta bukatuko da lehia.
Lilatoian norbanako bezala zein talde baten barnean parte hartzeko aukera dago. Iaz bezala, Hitza Taldea osatzeko epea zabalik dago eta interesa duena Irutxuloko Hitzarekin harremanetan jar daiteke. Posta elektroniko bidez, donostia@hitza.info, edo telefonoz, 943-46 72 36.
22. Lilatoia
Emakumeen Etxearekin eta Afedegirekin elkarlanean dator aurtengo lasterketa morea:
- Zer. Emakumeentzako herri lasterketa: 22. Lilatoia.
- Noiz. Martxoak 13, igandea, 11:00etan.
- Luzera. 5 Km.
- Izen ematea. Webgunean bakarrik: www.lilaton.com. Martxoaren 10a izango da izen emateko azken eguna.
- Prezioa. Txipa dutenek 9 euro eta alokatu behar dutenek 10 euro.
- Korrikalarientzako laguntza gunea. Emakumeen Etxea (Okendo kalea, 9), martxoaren 1etik 10era, 18:00etatik 20:00etara. Bertan, izen ematearen inguruko zalantzak argituko dituzte. Gainera, martxoaren 11ean eta 12an partaideek bertan jaso beharko dute Lasterkarien Poltsa. Bestetik, lasterketaren egunean, 09:00etatik 10:00etara ere zabalik egongo da korrikalarientzako.
- Lilaroller. Hirugarren urtez jarraian, patinen gainean ere lasterketan parte hartzeko aukera egongo da. Informazio gehiagorako: www.donostiroller.com.
- Informazio gehiagorako. lilatoncarrera@gmail.com, chip@afedegi.com edo 943-111 999 telefonoa (Afedegi).