Aurrekontua bikoiztuko du San Telmo Museo berriztatuak
«San Telmo Museoak pauso handia emango du, eta dibisioz aldatuko du. Aurrerapauso honek behar berriak ekarriko ditu, eta horiek asetzeko diru iturri berriak lortu izan behar ditugu. Etorkizunean ere, zailtasun ekonomiko guztien gainetik iraunkorra izan dadin nahi dugu-eta». Denis Itxaso kultura zinegotziak proiektu berriztatuaren gainean atzo egindako adierazpenak dira. Susana Soto zuzendaria eta Antton Azpitarte gerentearekin batera, San Telmo Museoaren ikerketa ekonomikoaren datuak aurkeztu zituzten. Ikerketak diru sarrerak eta gastuak hurrengo urteetan nolakoak izango diren azaltzen du.
2007an itxi egin zuten museo zaharra. Orduan, aurrekontua 2,3 milioikoa zen. Orain, berriz, bikoiztu egingo dute. 4, 7 milioi euroko aurrekontua izango du apirilean ateak irekiko dituen museoak. 1,5 milioi babesleen, leihatilan saldutako sarreren eta museoko zenbait guneen alokairuaren bidez lortzea ere espero dute. Udalak, beraz, 3,3 milioi euroko ekarpena egin beharko du. Berritze prozesuaren aurretik baino milioi bat gehiago. «Baldintzak desberdinak dira. Eraikin berria dugu, eta lehen ez zeuden zerbitzuak lortu ditugu», argitu du Itxasok. Gipuzkoako Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak 350.000 euroko ekarpena egingo dute. Berriztatze prozesua bukatzear dagoela adierazi dute, eta aurreikusi bezala, apirilean irekiko dute eraikina.
Hainbat museo izan dituzte erreferentzia gisa, Gasteizko Artiuma eta Bilboko Arte Ederren Museoa edota Guggenheima, besteren artean. Lehen urtean 140.000 bisitari izatea espero dute. Hurrengo urteetan, ordea, beherakada aurreikusi dute. 20.000 ikusle urtean, batez beste. Egunean, beraz, 350 bisitari inguru. Sotok, museoaren azken urtean 49.000 ikusle jaso zituela azaldu zuen: «Kopuru txikia dirudi, baina orduan zuen tamainarako oso datu ona zen. %90 turistak ziren».
Gazteak, doan
Museo berrian, lehen ez bezala, sarrera ordaindu egin beharko dute bisitariek. Sarrera orokorra bost eurotan salduko dute. hiru eurotan, berriz, sarrera murriztua. 18 urtetik beherakoak musutruk sartu ahal izango dira. «Publiko gaztearen aldeko apustua egin dugu. Museoak ikusle horiek galtzen ari dira, eta ez dugu nahi behintzat arrazoi ekonomikoengatik ez etortzea», azaldu du Sotok. Oraindik zehaztear dagoen asteko egun batean, gainera, sarrera doan izango da.
Publikoa fidelizatzeko ahalegina ere egin dute, urteko bazkide txartelen bidez. Hamabost euroko txartela eskuratuz gero sarrera doan izango dute urte osoan, eta trukean, hainbat abantaila izango dituzte. «Urte osoko behin behineko erakusketak ikusi ahal izango dituzte. Hiru bisitekin txartela amortizatuko dute». Mila bazkide inguru lortzea espero dute arduradunek.
Ordutegi berria eta zaharraren artean alde handiagoa izango da. Orain ordutegi jarraia izango du museoak, eta astelehenetan itxita egongo bada ere, irekita izango da zubi eta jaiegunetan.
Eliza, klaustroa, terraza… Museoko hainbat gune alokatzeko aukera luzatu dute. 115.000 eta 125.000 euro bitarteko diru sarrerak aurreikusi dituzte zerbitzu hauen bidez. Alokairuen inguruan ezkontzarik ez dutela baimenduko argitu zuen Itxasok: «Erakusketa iraunkorreko zatia bat elizan dago. San Telmoren irudiarekin bat egiten ez duten jarduerek ez dute lekurik izango museoan. Ezkontzak adibidez. Hasiera batean behintzat ez dugu horrelakorik honartuko».
Xehetasunak:
- Aurrekontua. 4,7 milioi euro.
- Bisitari kopuruen aurreikuspena. 140.000 pertsona espero dituzte 2011n.
- Museorako sarrerak. Orokorra, 5 euro. Murriztua, 3 euro (Ikasleak, Gaztekutxa txartela edo ikasle txartela dutenak, 65 urtetik gorakoak, 10 laguneko taldeak edo handiagoak eta San Telmo Museoaren Lagunak elkarteko kideak). Sarrera doan izango da oraindik zehaztear dagoen asteko egun batean. 18 urtetik beherakoak edota langabetuak ere musutruk sartu ahal izango dira. Donostia Kulturako bazkideek %10eko deskontua izango dute.
- Urteko bazkide txartelak. 15 euro eta 150 eurotan. Hainbat abantaila izango dituzte trukean.
- Zerbitzuak. Bisita gidatu programatua (3 euro), Eskolako bisita gidatua (75 euro, sarrera barne), VIP bisita (100 euro, sarrera aparte) eta audiogida zerbitzuak (2 euro).
- Guneen alokairua. Hitzaldia, enpresa bilerak, koktelak edota kontzertuak egiteko kontratatu daitezke museoko zenbait gune.
- Ordutegia. Asteartetik igandera izango da zabalik, 10:00etatik 20:00etara. Astelehenetan itxita, jaiegunetan irekita.