Aurrera darrai Luis Gilen bilaketak
Luis Gil donostiar desagertua aurkitzeko lanek aurrera darraite. Gaur ere Urumea ibaian barrena eta hiriaren kostaldean aritu dira Gilen bila. Ertzaintzaren urpekariek egin dute ibaiaren miaketa. Era berean, Urumea gainean, Zurriola parean eta Urgull mendiaren itsas aldeko ertzean jardun du polizia gorputz horren helikopteroak. Ertzaintzaren komunikazio zerbitzuak azaldu duenez, 15:00etarako, lan hauek ez dute fruiturik eman. Luis Gilen senitartekoek joan den ostiralean ikusi zuten desagertutakoa azken aldiz eta norbaitek zerbait baleki 112ra telefonoa deitzeko eskatu dute.