Hurrengo hilabetean ekingo diote txotx denboraldiari Katxola baserrian
Udaberriaren usainarekin, ekimen berriak loratuko dira Aieten, Lantxabe auzo elkartearen eskutik. Freskoena, behar bada, martxoa hasieran antolatuko dute, ordurako ekin nahi baitiote Katxola baserrian txotx denboraldiari. Iraileko azken asteburuan jarri zuten Munto baserritik jasotako dolarea lanean. Era horretan, 30 urteko etenaldiaren ondoren, sagardo muztioz zipriztindu zuten Katxola. Hilabeteotan, bada, muztioa sagardo bilakatu da eta martxoan izango dute harekin topa egiteko aukera.
Hitzaldia
Txotx ekitaldirako egun zehatzik finkatu ez duten bitartean, ingurumenarekin lotutako bigarren hitzaldirako eguna badute: martxoaren 2a, 19:00etan, Aieteko kultur etxean. Oraingoan, otsailaren 2an bezala, Francisco Gallo izango da hizlari. Hondakinak deusezteko bideak jorratu beharrean, karbono dioxidoa nola murriztu eta krisi energetikoa izango ditu hizpide. Besteak beste, banbuak hormigoia ordezkatzeko izan dezakeen ahalmenaz ariko da.
Otsailean, hondakin bereizketaren inguruan abiarazitako gogoetak, hala ere, pil-pilean jarraitzen du Aieten. Izan ere, zaborrarekin bukatzeko dauden bitartekoen inguruan auzotarrek duten iritzia jaso nahi du Lantxabe auzo elkarteak. Horretarako, inkesta bat prestatu dute eta, martxoaren 15a bitartean, ahalik eta erantzun gehien jasotzea espero dute. Felix Perez Lantxabeko presidenteak jakinarazi duenez, Aieten «kontzientzia piztea» dute helburu. Zaborra sailkatzeko garrantzia, halere, auzoan errotua dagoela zehaztu du Perezek. Hala nola, hondakin organikoak bereizteko sistema auzora zabaltzeko eskaera egiteko prest leudekeela adierazi du.
Bosgarren edukiontzia zabaltzeko ez ezik bizikletaren erabilera sustatzeko ere buru belarri ariko dira Aieten. Bidegorriak margotzearekin batera, Morlansetik gora joango den igogailua eraikitzea da auzo elkartearen aldarrikapen nagusietako bat. Herritar eta agintariak premia hori aintzat har dezaten, maiatza aldean giza katea osatzeko asmoa dute.
Jaurlaritzak, era berean, PPren zuzenketa bat medio, aurtengo aurrekontuan igogailua egiteko proiekturako 60.000 euro bideratu dituela gogorarazi du Perezek.