
Erraustegiaren eraikitzean moratoria eskatzeko flash mob ekitaldia egingo dute. (Argazkia: Mikel Goñi).

Antiguako pilotalekuan egin zuten Donostiako lehen entsegua. (Argazkia: Mikel Goñi).
Frontisaren kontra pilotek jotzen duteneko soinua ordezkatu zuen larunbatean Hartu nahi dut arnas kantak, Antiguako pilotalekuan. Hain zuzen ere, Gipuzkoa Zero Zabor taldeak Zubietan egin nahi duen
flash mob-arekin bat egin du Zubidonek. Horrenbestez, ekitaldirako entseguak egiten hasi dira hirian ere.
Zerbait bateratu eta sinkronizatua egiteko toki batean bildu, eta adostutakoa gauzatu ondoren, lasai askoan joatea da
flash mob-aren definizioa. Kasu honetan Zubietan egingo dute, martxoaren 20an, errauste plantaren eraikitzean luzamendua edo moratoria eskatzeko dantza saioa, Hartu nahi dut arnas kantaren erritmoak gidatuta.
Zubidon ekimeneko kide Erik Gonzalezek azaldutakoaren arabera, «zerbait sinbolikoa toki sinbolikoan egin nahi genuen. Herri batua eta koordinatua Zubietan, bertako errauste plantaren eraikitzea, sei urtez atzeratzeko. Bien bitartean, azpiegitura hori ez dela beharrezkoa erakutsi nahi dugu, besteak beste, atez ateko bilketa eta abarren bidez».
Martxorako prestaketak
Martxoko hitzorduan behar bezala jarduteko, ordea, entseguak egiten ari dira Gipuzkoako hainbat tokitan. Zubidon taldearen ekimenez, Donostian astebururo ekingo diete Hartu nahi dut arnas kantak duen dantza prestatzeko saioei. «Hirian ikusgarri egin nahi dugu ekimena», azaldu du Gonzalezek. Asmo hori buruan, eta eguraldia lagun, Haizearen Orrazian egingo dute datorren larunbateko entsegua, 11:00etan. Zehaztu gabe dagoen arren, Kaian eta Pasealeku Berrian egitea aztertzen ari dira.
Gonzalezek zehaztu duenez, «
zubidon.com gunean jarriko dugu non egingo ditugun hurrengo saioak». Argi daukate, ordea, euria botako balu, joan den larunbatean bezala, Antiguako pilotalekura lekualdatuko dutela dantza saioa.
Bestalde, entseguetara joateko aukerarik izango ez dutenek
www.gipuzkoazz.com gunean daukate pausoak ikasteko aukera. Bertan, jarri baitute martxoko hitzordurako prestatzeko beharrezkoak diren material guztiak:
mugimenduak ikasteko bideoak, kanta bera eta baita hitzak ere. Mikel Erguin ekimenaren koreografoak dioenez, «letra ezagututa errazagoa da mugimenduak ikastea, harremanetan daude-eta».
Adin ezberdinetako gizon eta emakumeek hartu zuten parte lehen entseguan, eta bukatzean irribarre handia erakusten zuten gehienek. Aldarrikapena egiteko ez ezik, Gonzalezen ustez, «ondo pasatuz, jende ezberdina elkar ezagutzeko aukera da
flash mob-ean parte hartzea. Gainera, edonork egin eta ikasteko moduko dantza da».

Adin guztietako parte hartzaileak izan ziren larunbateko saioan. (Argazkia: Mikel Goñi).