Eztabaidarako plaza
Erlijio Zientzien Goi Ikastegiak seigarren urtez antolatu ditu gogoetarako gonbitea den euskarazko foroa. Gaurtik ostegunera arte luzatuko diren Erlijioa eta Kultura jardunaldietan, gaurkotasun handia duen galdera bati erantzuten saiatuko dira: Emakumea gizonaren pare? Erlijioa, gizartea eta kulturaren arteko elkarrizketa eginez, hausnarketarako bideak eskainiko dituzte Koldo Mitxelena Kulturunean.
«Emakumea ez da gizonaren pare, denak pertsonak gara eta eskubide berak ditugu. Ez da gizona gutxiestea, denok tokia dugula ikustea, baizik». Hala laburbiltzen du jardunaldien antolatzaileetako bat den Mamen Urteagak galdera horren funtsa. Aurreko urteetako entzuleek proposatutako gaien artean errepikatuenetakoa zen berdintasunarena. Genero indarkeriak gaurkotasun handia eman dio auziari, baina, era berean, antzinatik gogoeta eta azterketa askoren ardatza ere izan da. Bi alor hauek elkartuz, hainbat alorretatik jorratuko dute gaia, gogoetarako ildoak emanez.
Etorkizunari leihoa
Izan ere, ordubeteko luzera duen hitzaldiaren ondoren, solasaldirako parada izaten baita. Urteagaren hitzetan, «gogoeten eta galderen txanda oso aberasgarria da, zalantza berriak sortzen direlako». Goi Ikastegiko zuzendari Xabier Andonegi ere iritzi berekoa da. «Entzuteari baino hitz egiteari lekua egitea da asmoa, biltzen garenok elkarri entzun eta etorkizunari leihoa irekitzea. Gertatzen dena ikusteaz gain, urratzen ari diren eta etorkizuna garatzen ari diren bideak ikustea». Guzti hori euskaraz egitea ere helburu dute sorreratik.«Donostia aldeko euskaldunok gauza hauek eztabaidatzeko foro bat, plaza bat izatea da xedea», gogoratu du Andonegik. Urteagak, aipatu duenez, hautuak, oraindik ere, hizlariak aurkitzeko arazoak eragiten ditu.
Kultur alorretik ekingo diete jardunaldiei. Euskal kultura eta tradizioan emakumearen papera zein izan den eta nola aldatu den azalduko dute, gaur, Pako Garmendia eta Iziar Basterretxea soziologoek. Historian zehar izandako gatazken irtenbideak aztertuz, «arazoak konpontzen lagun dezaketen klabeak geure artean bertan, ahaztuta,baditugun ikusiko dugu», argitu du Andonegik. Tradiziotik errealitate gordinera jauzia, aldiz, ELAko genero arduradun Leire Txakartegik egingo du, bihar. Honek, emakumeen eguneroko arazoak hizpide izango ditu: soldatak, lanpostuak, etxeko ardurak… Azkenik, Xabier Galardi Ikastegiko irakasleak ikuspegi erlijiosoa eskainiko du, erlijioen misoginiaren jatorria eta teologia feminista oinarri hartuta.
Egitaraua:
- Gaur. Emakumea euskal tradizioan. Pako Garmendia eta Iziar Basterretxea, Deustuko Unibertsitateko soziologia irakasleak.
- Bihar. Emakumea lanean eta gizartean. Leire Txakartegi, ELAko genero arduraduna.
- Etzi. Emakumearen lekua erlijio eremuetan. Xabier Galardi, Donostiako Erlijio Zientzietako Goi Ikastegiko irakaslea.