Jose Luis Unanue (Argazkia: Mikel Goñi)
Añorgako okina izateaz gain, squash jokalaria ere bada Jose Luis Unanue, eta ez nolanahikoa gainera; 2010ean Euskadiko Txapelketa eta Masterra irabazi baititu, 45 urterekin. Egindako lan onari esker, jokatzen jarraitzeko gogoz dago eta, denboraldi berriari begira, Espainiako Beteranoen Txapelketa irabaztea du buruan.
Zein da gaur egun squasharen egoera gure inguruan?
Squasha beherantz doan kirola da, padela baita lekua hartzen ari dena. Fisikoki ez dago hain ongi egon behar padelean aritzeko eta horrek eragina izan duela uste dut. Beraz, squasheko maila agian zertxobait jaitsi da, baina oraindik oso maila oneko jokalariak daude. Txapelketetako partidak gogorrak izan ziren eta parekatuenek ordubete inguru irauten dute.
Iaz sekulako denboraldia osatu zenuen eta maiatzean Euskadiko txapelduna izan zinen Gasteizen.
Normalean urtero final aurrekoetarako sailkatu izan naiz, baina ez nuen aurrerago igarotzea lortzen. Urteren batean txapelketa irabaz nezakeela pentsatzen nuen, baina ez nekien noiz izango zen. Zortea izan nuen eta iaz txapelduna izan nintzen. Final aurreko eta finaleko partidak oso gogorrak izan ziren. Bietan 2-1 galtzen hasi nintzen, baina buelta eman eta 2-3 irabazteko gai izan nintzen.
Finala Alberto Ferreiroren aurka jokatu zenuen.
Bai, Alberto Ferreiro eibartarra da nire aurkaririk gogorrena eta ia egunero berarekin entrenatzen dut. Finala gogorra izan zen, nik bera ezagutzen baitut, baina baita berak ni ere. Beti asko kostatzen zait berari irabaztea eta inoiz berak ere irabazi izan dit.
Abenduan, berriz, Euskadiko Masterra irabazi zenuen, Durangon.
Euskadiko rankingeko zortzi jokalari onenen artean jokatu genuen eta Euskadiko Txapelketa irabaztea baino ilusio gehiago egin zidan Masterra irabazteak. Izan ere, Miguel Ruizen aurka jokatu nuen finala, maila handiko jokalaria da eta ni baino askoz gazteagoa. Hamabost urte neramatzan berari irabazi gabe, nik 30 urte nituenetik eta berak 15. Hamabost urte eta gero, berriro ere berari irabazteak asko poztu ninduen eta aurrera jarraitzeko indarra eman zidan.
Txapelketetan ikusle asko biltzen dira?
Gehiegi ez, baina ikusleak izaten dira. Finaletan biltzen da jende gehien.
Urte asko daramatzazu squashean jokatzen?
Lagun batekin hasi nintzen jokatzen, duela 25 urte inguru. Lasarteko kiroldegira joaten ginen eta, hortik gutxira, Egiako Mundaiz klubean sartu nintzen. Oso gustura nago eta oso ongi tratatzen naute. Maila gehien zegoen eta oraindik ere dagoen tokia da Mundaiz eta instalazioak oso ongi daude. Gaur egun, 10-12 lagun inguru ibiltzen gara jokatzen eta gehienak ni baino gazteagoak dira.
Egunero entrenatzen duzue?
Kirol afizionatua da eta, guztiak lanean gabiltzanez, zaila da ordutegiek bat egitea. Gimnasiora astean bost egunetan joaten gara, astelehenetik ostiralera. Taldean elkartzen garenean, korrika egitera edo jokatzera joaten gara.
Zure lanarekin ez da erraza izango entrenatzeko moldatzea.
Entrenatzea gogorra da, goizeko lauretan jaikitzen bainaiz lanera joateko. Askotan eguerditan entrenatzen dut, lanetik ateratzean. Gogorra da zortzi orduz lanean egon ondoren entrenatzera joatea, baina bestela ezinezkoa da besteekin batera geratzea.
Zein da zure hurrengo erronka?
Urte hasiera izanik, Euskal Ligako torneo guztiak hasiko dira. Ahalik eta lehia gehien irabazten saiatuko naiz, baina nire benetako erronka Espainiako Beteranoen Txapelketan parte hartu eta irabaztea da, ekainean. Ea aurten lor dezakedan. Txapelketa irekia da eta edonork parte har dezake. Inoiz jokatu dut, baina normalean, hemendik urruti izaten denez, nire lanarengatik ezin izaten dut joan. Aurten Katalunian denez, joaten saiatuko naiz. Katalunian jokalari asko daude eta 50 partaide inguru egon daitezke txapelketan.
Euskal Ligan partida asko izaten dituzue?
Euskal Ligako egutegia Espainiako torneoekin bat ez egiteko moduan osatzen dute. Beraz, torneoak astero daude. Urte osoan Euskal Ligako 7-8 txapelketa egoten direla esango nuke. Donostiaz gain, Zarautz, Arrasate eta Eibarren ere antolatzen dituzte txapelketak eta Bizkaian ere egoten da baten bat.
45 urterekin squashean jokatzen duen jende gutxi egongo da.
Euskadi mailan beteranoenetakoa naiz. Zaletasunagatik eta ongi pasatzen dudalako jarraitzen dut jokatzen. Gainera, fisikoki ongi mantentzeko modua ere bada, uzten baduzu behera egiten baituzu. Ez dut inongo minik eta gustura nabil.