Labo saila Antzoki Zaharrean proiektatuko dute.
Miriam Anitua, Denis Itxaso, Lud Chat, Josemi Beltran, Régis Cotentin eta Sébasiten Duclocher.
Larunbata bitartean Clermont Ferrand jaialdiko Labo saileko filmak proiektatuko dituzte
Azken lau urteotan bezala, Donostia Clermont Ferrand zinema jaialdiaren film labur esperimental berrienen erakusleiho bihurtuko da. Tabakalerak eta Donostia Kulturak bat egin dute berriz ere, Frantziako jaialdiaren Labo saila hirira ekartzeko. Sail esperimental honetan hautatuak izan diren berrogei lanak ikusi ahal izango dira. Aurten, ordea, proiekzioak Antzoki Zaharrean izango dira, eta ez ohi bezala, Tabakaleran.
Gaur erakutsiko dituzte programazioko lehen zortzi film laburrak. Larunbata bitartean, egunero, 20:00etatik aurrera beste askotariko proposamen guztiak ikusteko aukera izango du publikoak. Emanaldi guztietarako sarrera doan izango da.
Animazioa nagusi
Labo sailaren helburua azken urtean ekoiztu diren lan berritzaile eta esperimental garrantzitsuenen bilduma aurkeztea da, bide berriak arakatu dituzten egileenak. Askotariko teknika, euskarri eta formatuak jaso ditu sailak, eta nabarmena izan da animazioa egiteko joera. Guy Maddin zinemagileak eskuratu zuen, ‘
Night Mayor‘ filmarekin, Clermont Ferrand-en sari nagusia. Ostegunean emango dute Kanadan bizi den immigrante bosniar baten gaineko lana. Aurora borealaren energia erabilita, kostatik kostara, Kanadako irudiak proiektatzea lortuko du.
Tao Gu zinemagileak, berriz, Epaimahairen saria lortu zuen ‘
On the Way to the Sea‘ film laburrarekin. Gizakiaren izaera hauskorra islatu nahi izan du fikziozko elementuen, dokumental zatien eta ikusizko abstrakzioaren bidez. Ikusleek Italiako
Blu kale artista ezagunaren ‘
Big Bang Big Room‘ lana saritu zuten. Aurreko ekitaldietan haren obra proiektatu izan dute. Epaimahaiaren aipamen berezia lortu zuen Michael Please ingelesak. Denboraren igarotze azkarrarekin obsesionaturik dagoen gizon baten istorioa sortu du animazioaren bidez ‘
The Eagleman Stag‘ film laburrean. Gaur bertan izango da ikusgai.
Larunbatean mahaingurua egingo dute Labo sailaren ibilbidea eta film esperimentalen bilakaeraren inguruan. Aurten hamar urte bete baititu. Koldo Almandoz, Iñigo Salaberria, Gerard Cairaschi -larunbatean proiektatuko duten Magia film laburraren zuzendaria- izango dira parte hartzaileak.
Film labur guztiak jatorrizko bertsioan emango dituzte, azpitituluekin.
Osteguneko lan guztiak euskaraz azpititulatuko dituzte, beste egunetan, ordea, gaztelaniaz.
Marrazki erakusketa
Film laburren proiekzioen osagarri gisa ‘Anatomie du Labo 4’ erakusketa zabaldu dute Liburutegi Nagusiaren San Jeronimo kaleko ekitaldi aretoan.
Labo saileko filmetan oinarritutako Lud Chat marrazkigileak egindako irudi hautaketa bat bildu dute bertan. Igandea arte izango da zabalik. Ostirala bitartean arratsaldez izango da zabalik, 16:30etik 20:00etara. Asteburuan, aldiz, goiz eta arratsaldez, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara.