"Hiltzeko arriskuan ere mugituko ez ziren gazteengan itxaropena nuen"
Amro Ibrahim (Port Said, 1965) egiptoarrak hamarkada darama Gipuzkoan. Arabiera eskolak ematen ditu Antiguako Helduen Hezkuntza Ikastetxean eta Irunen. Lanean ari zela jaso zuen luzaroan esperotako albistea: Hosni Mubaraken kargu uztea. Jaioterritik urruti, urduritasunez eta emozioz bizi izan du matxinaden nondik norakoa.
Nolatan etorri zinen hona?
2000ko abuztuan etorri nintzen. Gida bezala lan egiten nuen Egipton eta hala nire emaztea ezagutu nuen. Bere bidaiaren azken egunean Egiptoko historia garaikideko atentatu okerrena eman zen 1997ko azaroaren 17an. Ordura arte etengabe lan egiten bagenuen, turisten kopurua asko jaitsi zen. Han gustura banengoen ere, hona etortzea erabaki nuen. Emazteak ezin du Kairon bizi, aspertu egiten da, beroa… Niretzat errazagoa zen etortzea, gaztelera badakidalako.
Arabiera irakaslea zara?
Aurretik hamaika tokitan egin du lan: arrandegian, fabrikan, oroigarri dendan… Urteak dira arabiera eskolak ematen ditudala. Irungo hizkuntza eskolan eta Antiguako Helduen Hezkuntzako Ikastetxean irakasle izateaz gain, eskola pribatuak eta itzulpenak ere egiten ditut.
Egipto faltan botatzen al duzu?
Bietan bizitzeko aukera ematen didan lan bat aurkitu nahiko nuke, turismoari edo merkataritzari lotua. Egipton egon nahiko nuke, une historikoa bizitzen ari dela uste dudalako.
Ikasleek galdera asko egin al dizkizute?
Bai. Ez beraiek bakarrik, leku guztietan kalean, tabernan, eskolan… egiptoarra naizela dakien edonork galdetu eta interesa erakutsi du. Etorkizunari buruzko kezka ere badute.
Piramideak baino gehiago badagoela badakite, beraz?
Bai, Egiptori buruzko ezagutzaz gain, interesa ere baduen jende asko ezagutzen dut. Sahararen alde aritzen direnak ere.
Nola bizi izan duzu azken asteetako matxinada?
Urduritasunez eta emozioz. Nire familia Kairon bizi da eta asko kezkatzen ninduten, baina are gehiago nire herriak. Horrelako erregimenarekin biktimak behar dira, eta eskerrak, 500 besterik ez diren izan. Senide, lagun eta ezagunekin hitz egin dut gertakarien berri izateko. Manifestariek mobilizazioak Internet bidez antolatu zituztenez, gobernuak interneta eta mugikorrak indargabetu zituen hiru bat egunez. Asteburu gogorra izan zen, bereziki, laugarren egunean hildakoen kopurua lautik 150era igo zelako.
Haiek kontatutakoa hedabideetan ikusitakotik oso bestelakoa al zen?
Bai, alde handia zegoen. Komunikabideetan kanpokoa ikusi dugu, ez sakonean gertatzen zena. Matxinadaren hirugarren egunean anaiarekin hitz egin nuen eta Mubarakek dimititu zuela esan nion, berak, aldiz, joatera behartu zutela argitu zidan. Bestalde, astebete igarotzean, polizia desagertu egin zen kaletik. Lagunek eta bizilagunek guardiak antolatu behar izan dituzte lapurretak saihesteko.
Nolakoa zen Mubaraken agintea?
Mubarakek dena kutsatu du, bizitzako alor guztiak: futbola, artea, baita jendearen izpiritua ere. Egiptoren faraoi, errege edo presidente, okerrena izan da. Erregimen usteldua. Krimenez eta gezurrez betetako 30 urte izan dira, Stalinen edo Hitlerren mailan dago. Urte askotan engainatu gaitu eta dena kontrolatu du bere semea jartzeko. Eskerrak ez den iritsi, okerragoa izango baitzen.
Aurreko erregimenak gogoratzen dituzu?
1970en Gamal Abdel Nasser hiltzean, jendea kalean ikustea gogoan dut, baina garai hori ez dut gogoratzen. Ondorengo erregimenarekin bizimodua ez zen oso alaia, baina oraingo beharra ez zegoen, Mubarakek oinarrizkoa ere kendu die. 1981ean boterera iritsi zenean, nik 16 urte nituen. Aldaketa oso handia izan da, aurrekoa ez zen paradisua, baina hobea zen.
Zergatik orain?
Tunisia izan da txinparta, falta zitzaigun bultzada, egoera mugan baitzegoen. Urtean hilabetea igarotzen dut Egipton eta, Mubaraki buruz hitz egiteak beldur handia eragiten bazuen ere, herria nekatuta zegoen. Parlamentariak, gobernuak… dena aldatzen zen bera izan ezik.
Bere amaiera izango zela espero zenuen?
Hala espero banuen ere beldur nintzen, nahi duena egiten baitu. Militarrak irten eta gerra gurdiak kaleetan ikustean, sarraskia izango zela uste nuen. Hala ere, hiltzeko arriskuan ere mugituko ez ziren gazteengan itxaropena nuen.
Berri pozgarria izan da, beraz.
30 urte neramatzan une horren zain. Otsailaren 11 nire bizitzako egunik zoriontsuena izan da. Lauak arte albisteak ikusten aritu nintzen, gertatuko zenaren inguruko eztabaida baitzegoen. Antiguan eskola ematen ari nintzela lagun tunisiar batek zoriontzeko deitu zidan. Negarrez itzuli nintzen gelara eta ikasleekin tabernara joan nintzen ospatzera.
Zer uste duzu gertatuko dela orain?
Militarrak ez dira luze izango boterean, trantsizio gobernua osatu eta hauteskundeak izango dira. Garrantzitsuena konstituzioa goitik behera, erabat, aldatzea da. 1923ko konstituzioa ez da egungo Egiptorentzat balizkoa, baina zaila izango da guztientzat onargarria dena sortzea. Giroa aldatu behar dugu, burua altxatzeko.
Etorkizunari begira, baikorra al zara?
Bai, banaiz, Egipto ez baita Mubarak bakarrik. Bera baino jende askoz hobea dago, prestigioduna, nazioarteko erakundeetan lan asko egin duena. Ez da herrialde pobrea, baliabide eta aberastasun asko du, baina lau alprojek bahituta izan dute. 1952tik militarrek zulora eraman dute Egipto. Min egiten dit jaioterria horrela ikustea, atzean gelditu da Mubaraken agindupean. Altxatzeko aldaketa behar da, Kairotik irten eta beste zonaldeetara zabaltzea. Piramideaz gain, gauza asko dauzkagu: jende ikasi eta prestatua, lurra, klima ona, Nilo ibaia…