Reyes Karrere, Bera Berako entrenatzailea (Argazkia: Raul Perez)
Eskubaloiko XXXII. Kopa jokatuko dute ostegunetik igandera bitartean, Las Palmasen (Espainia, Kanaria Handia). Bertan, ABF Ligako lehenengo zortzi sailkatuak lehiatuko dira eta Bera Bera Eskubaloia tartean izango da. Izan ere, Ligako laugarren taldea da, 22 punturekin. Liderra, berriz, Itxako ahalguztiduna da, 30 punturekin. Hala, Lizarrako eta Donostiako taldeekin batera, talde hauek arituko dira Kopa eskuratzeko lehian: Elda Prestigio, Sagunto, Mar Alicante, Elche, Monovar Urbacasas eta Rocasa.
Lau partida jokatuko dituzte ostegunean: Sagunto-Mar Alicante (12:00), Itxako-Elche (16:00), Bera Bera-Elda (18:00) eta Rocasa-Monovar (20:00). Partida horietako lau talde onenak izango dira larunbateko protagonistak. Lehen norgehiagoka 17:00etan izango da eta bigarrena, berriz, 19:00etan. Finala, igandean jokatuko dute, 11:00etan.
Bera Bera, Kopa gosez
Iazko Kopa etxetik gertuago izan zuen Bera Berak, Leonen izan baitzen. Lehen partidan Castrori irabazi bazion ere (25-24), finalerdietan ezin izan zuen Itxakorekin eta azken hori izan zen txapelduna. Duela bi urteko Kopa pozgarriagoa izan zen, orduko Akaba Bera Berarentzat, Donostiara ekarri baitzuten sari preziatua.
Reyes Karrere Bera Berako entrenatzailea ez zegoen umore onez gaur goizean,
Irutxuloko Hitzaren deia erantzun duenean. Izan ere, Kopara joan aurretik, azken entrenamendua egin du Bera Berak Bidebietako kiroldegian, bihar goiz jaiki beharra dutelako. Edonola ere, Kopa Las Palmasen jokatzea ez zaio arazoa iruditzen entrenatzaileari, baina ez du gogoko antolakuntzak erabakitakoa. “Distantzia ez da arazoa, baina bidaia ez dago ongi antolatua. Goizeko bostetan hemendik atera behar dugu Madrilera joateko eta hortik Las Palmasera joango gara”. Noski, guzti horrek jokalariengan eragina izango duela uste du Karrerek. “Hara iristeko ia 12 orduko bidaia egin beharko dugu, gehiegi dela uste dut eta oso nekatuak iritsiko gara. Baina hori bai, talde guztiak berdin gaude arlo horretan. Horrela da eta ezin dugu gehiago pentsatu”.
Ostegun arratsaldean, Elda izango da Bera Beraren aurkaria. ABF Ligako bigarren sailkatua da Elda. Beraz, Karrerek argi du aurkari gogorra izango dutela aurrez aurre. “Kanporaketa oso zaila dago eta hori gainditzeko momentu honetan egiten ari garen jokoa hobetu beharko dugu”, aipatu du Karrerek. Zehazki, Ligako azken bi partidak galdu dituztelako dio Karrerek taldea ez dabilela ongi. “Zortea bilatu egin behar da eta printzipioz gu ez gabiltza ondo. Faborito paper hori zeharo galdu dugula uste dut eta kalera joateko faboritoak gara, ez partida irabazteko. Hori da gure errealitatea momentu honetan eta onartu egin behar dugu”.
Kontua zaila ikusten badu ere, helburua bakarra da, irabaztea. “Helburua oso argi dago, lehenengo partida jokatu eta irabaztea, hori da helburu nagusia, ez daukagu besterik. Bestela ez ginateke joango”. Gainontzeko partidei begira, nahiko parekatuak ikusten ditu. “Rocasak etxean jokatzen du, baina partida parekatuak izango dira. Itxakok, esaterako, Elcheri irabaziko dioela uste dut, baina gogor lan egin beharko du”.
Behin Kopa bukatuta, Ligarekin aurrera jarraitu beharko du Bera Berak, oraindik bederatzi jardunaldi falta baitira bukatzeko. “Europako postua lortzea da helburu nagusia, datorren urtean Donostiaren izena kanpoan zabaltzeko. Horretan bakarrik pentsatu behar dugu”.
KOPAKO PARTIDAK:
- Otsailak 24.
-12:00: Sagunto-Mar Alicante.
-16:00: Itxako-Elche.
-18:00: Bera Bera-Elda Prestigio (zuzenean, deporteonline.tv)
-20:00: Rocasa-Monovar Urbacasas
- Otsailak 26.
-17:00. Finalerdia.
-19:00. Finalerdia.
- Otsailak 27.
-11:00. Finala.