Udalaren hizkuntz politikek duela lau urtekoa baino puntuazio hobea lortu dute
Udalak euskararen erabilera normalizatzeko azken lau urteetan egindako lanari 6,47ko nota eman dio Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak. Kalean euskara gehiago entzun edota herritarren eta udal langileen arteko eguneroko harremanean euskara nagusitzeko, Udalak 2006tik 2010era eman dituen pausoak aurreko lau urteetan emandakoak baino sendoagoak direla ondorioztatu du Kontseiluak. 2007an egindako neurketa 2,25 puntutan gainditu du oraingoak.
Positibotzat jo du Ainhoa Beola Euskara zinegotziak, beraz, egindako lanaren bilakaera. Emandako urratsak, gainera, «eraginkorrak» izan direla aditzera eman du.
Lau urteotan «esfortzu ikaragarria» egin dela azpimarratzearekin batera, ahalegin honek bi norabide nagusi izan dituela plazaratu du. Batetik, duela hamar urte abian jarritako Euskararen Ekimen Estrategikoak izan duen bultzada azpimarratu du. 2006tik 2010era 539 ekintza egin direla eta horiek guztiak aurrera ateratzeko, 6,5 milioi euro bideratu direla azaldu du. Bestetik, elkarlana nabarmendu du Euskara zinegotziak. Elkarte eta euskara taldeekin batera egindako lana goraipatu du Beolak, lan horren lekukotza baitira, zinegotziaren hitzetan, Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta, azaroan eta abenduan auzoz auzo antolatutako ekimenak.
Udal administrazioa
Lan honek udal administrazioan ere isla duela zehaztu du Euskara zinegotziak. Hala, derrigorrezko hizkuntz eskakizuna bete behar duen indizea %48an ezarrita badu legeak, udaletxean %58 ingurukoa dela zehaztu du. Alegia, legeak agindutakoa baino 10 puntu gehiago.
Era berean, egunetik egunera, udal administrazioan erabilera handitzeko lanean ari direla esan du Ainhoa Beolak. Eguneroko lanean euskara nagusi dadin, 16 erabilera batzorde osatu dituzte.
Euskara zinegotziak, dena den, hizkuntza politika arrakastatsuagoak garatzeko lanean gogor jarraitu behar dela onartu du. Oraindik urratsak ematen jarraitzeko ibilbidea badagoela ondorioztatu du.