Ikasleek ere TAOa uxatu nahi dute Ibaetatik
Miramon, Igara eta Zuatzu enpresa guneetako langileek lortu duten moduan, Ibaetako fakultateean ikasten ari diren gazteek ere ez dute aparkalekua ordenatuko duen marra koloretsurik fakultate inguruan ikusi nahi. Udalaren asmoak atzera botatzeko asmoz, elkarretaratzea deitu dute biharko, 13:00etatik aurrera, Barriola eraikineko ikastegiaren aurrean.
Protesta deialdian parte hartuko duen gazteetako bat Asier Zabaleta izango da. Haren begietatik ezagutu du Irutxuloko Hitzak TAO sistemak ikasleen artean sor dezakeen galera.
Tarifa merkeena, garesti
Kimikako fakultatean doktoretza egiten ari den gazteak argi dio, aparkalekuak ordenatzea «enpresa guneetako langileei gehiegikeria iruditu bazaie, zer esanik ez guri, ikasleei». Udalak, hala ere, tarifarik merkeena ezarriko duela esan duen arren, garesti izaten jarraituko duela ohartarazi du Zabaletak. «Hiru euro ordaindu behar badira egunero, hilean 60 bat euro izango lirateke».
Poltsikoan horren zulo handia ez egiteko, garraio publikoa izan daiteke irtenbidea. Unibertsitatera heltzea, ordea, denentzat horren erraza ez dela jakinarazi du.
Horregatik, Ibaetako unibertsitate eremuan aparkalekuak arautu nahi izatea, ingurumenaren aldeko neurria beharrean, Udalak « dirua biltzeko» egitasmoa dela plazaratu du Kimika fakultateko doktorego-ikasleak.
Zailtasunak
Zabaletak inguruan dituen kide eta ezagunak medio, Zumarraga, Urretxu edota Berasategitik datorren jendeak fakultatera iristeko zailtasun handiak dituela aitortu du doktorego-ikasleak. Hain justu, TAOa unibertsitateetan ezartzeko Udalaren arrazoietako bat bertara heltzeko dagoen garraio publiko eskaintza zabala zen. Argudio honek, aitzitik, errealitatearekin bat egiten ez duela zehaztu du Zabaletak. «Urretxutik etorri behar duenarentzat gogaikarria da autobusa goizeko 7:00etan hartu eta 15:00ak arte etxera ezin itzultzea. Berastegikoek, esaterako, hiru autobus besterik ez dituzte egunean. Autoz 25 minututan egiten duen bidaia, autobusez ikaragarri luzatzen da».
Gipuzkoatik datozen ikasleek dutela okerren onartu du, puntako orduetan izaten diren gorabeherak albo batera utziz, garraio publiko zerbitzu ona eskaintzen baita, haren hitzetan, Donostian. Hala ere, Aietetik goizeko 7:00 autobusez jaitsi ezin duen kide batek bultzatuta elkartu ziren Asier Zabaleta eta beste zenbait lagun, «aparkalekuak arautzeko erabakiaren aurrean zer edo zer egiteko» .
Ikasleak, plazarik gabe
Hala, biharko elkarretaratzea antolatzearekin batera, fakultatez fakultate sinadurak biltzen hasi dira. Zabaletak, dena den, ez du uste ikasleen eskaerek enpresa guneetako langileek nahiz enpresa buruek egindako aldarrikapenek besteko indarrik izango dutenik. Erabakia atzera botatzeko bidea, hortaz, malkartsuagoa izango dela iritzi dio.
Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Udalaren artean aparkaleku plaza batzuk gordetzeko hitzarmena adostu dutela zehaztu du gazteak. Plaza kopurua, ordea, unibertsitatera autoz joaten den ikasle kopurua baino txikiagoa izango dela gaineratu du. «Goiz datorren lankideak, beraz, plaza horietan sartzeko aukera izango du; 8:45etan datozenek, berriz, oso zail izango dute», dio.
Irakasle eta hainbat langilerentzat, halaber, psikologia fakultatearen, ikastegiaren eta liburutegi berriaren azpian aparkaleku plazak gordeko dituztela aditzera eman du Zabaletak. Neurri hauen aurrean, honenbestez, ikasleak izango direla kaltetuen nabarmendu du gazteak.