Udalak Morlans auzuneko lehen 70 etxeak banatuko ditu egunotan
Morlanseko auzunea ari da pixkanaka-pixkanaka bizilagunez betetzen. Urtarrilaren 14an lehen bizilagunak Eusko Jaurlaritzak sustatutako etxebizitzetan bizitzen hasi zirela aditzera eman zuen Irutxuloko Hitzak. Egunotan, Udalak eraiki dituen alokairuzko 70 etxebizitzetako bizilagunak izango dira bizileku berria lehenengoz zapalduko dutenak. Garabiak alde egin eta auzoa egonkortzeko hiru urte beharko direla kalkulatu du Jorge Letamendia Hirigintza zinegotziak. Era horretan, 584 babestutako etxe izango dituen auzoan apurka-apurka joango dira bizilagunak sartzen. Eusko Jaurlaritzak egindako lehen 94 etxeen jabeek giltzak eskutan dituzte jada, eta aurki Udalak eraikitako 70 etxebizitzetako maizterrek izango dituzte giltzak. Bien bitartean, Jaurlaritzak, etorkizunean, alokairuan banatuko dituen 70 etxeko eraikineko lanak aurreratu xamardaude. Hala, Jaurlaritzak azken eraikina banatzen duenerako 2012an izango dela adierazi du Jorge Letamendiak. Udalak bigarren fase batean abiarazi dituen ia berrehun etxeren oinarria begibistan dago, era berean. Jaurlaritzak alokairuan banatuko dituen beste 70 etxebizitza izango dira altxatzen azkenak. Morlansek, hala ere, etxebizitzez gain, plaza handi bat izango du, baita hotel eta kirol ekipamendu bat ere. Ekipamendu horri, ordea, Udalak krisiari aurre egiterakoan helduko diola zehaztu du Letamendiak. Hotela, berriz, enpresa eraikitzaileak sustatuko du. Bi aurrealde Sukaldea tresna elektrikoz horniturik dituzten etxeok bi aurrealde dituzte gutxienez. Alegia, leihoak iparraldera eta hegoaldera begira daude. Etxebizitza bakoitzak, era berean, aparkalekua eta ganbara ditu. Gehienak, gainera, bi logelako bizilekuak dira, 25 etxek dituzte hiru logela; hamalauk, berriz, bakarra. Maizterrek 270 euro ordaindu behar dituzte hilean bertan bizitzeagatik.