Momo jainkoa eta bere laguntzaileak, Denis Itxaso kultura zinegotziarekin (Argazkia: Xabier Etxabe)
Inauteriak herritarrek egiten dituztela dio Denis Itxaso Kultura zinegotziak eta, kaleak mozorroz eta festaz bete daitezen, egitarau zabala prestatu dute. Urte osoan lanean gogor aritu diren 29 konpartsek datorren larunbatean eta igandean, martxoaren 5ean eta 6an, izango dute hilabetetan landutako irudimena jendaurrean erakusteko aukera. Ibilbidean egongo diren 29 konpartsen artean, bi izango dira berriak: Antiguako Ilae eta Altzako Mystic. Gonbidatu berezi batek ere parte hartuko du, 150 lagunek osatzen duten Irungo Toxic taldea. Aurten, tamalez, 1985tik gorputza astintzen eman duen Egiako Denok taldeak kale egin du.
Aurreko urtetan ez bezala, epaimahaiaren ustez, konpartsarik original eta dibertigarriena zein izan den jakiteko, astebete itxaron beharko dute. Martxoaren 11n, Kursaalen egingo duten afari berezian emango dituzte irabazleen izenak jakitera.
Berrikuntzak
Ostegunean, Gasca kiroldegian eta ostiralean, Konstituzio plazan egingo diren konpartsen aurkezpenaz gain, konpartsetako parte hartzaile eta inauterizaleentzat zabaldutako festa egingo dute ostiralean Udalbatza aretoan. New Orleansen girotutako festa izango da. Sartu ahal izateko baldintzak, beraz, gonbidapena izatea, mozorrotuta joatea eta ondo pasatzeko gogoa izatea izango dira.
Larunbatean festak ez du etenik izango. Inongo lehiaketatan izen eman gabe, mozorroturik doazenek saria eskuratzeko aukera izango dute, Heladero DJ eta bere animatzaile-taldea Parte Zaharreko kaleetan barrena mozorro eta parodia dibertigarri bila ibiliko baitira.
Gazteenak erakartzeko, Trinitate plaza Trinifutur bihurtuko da. Larunabat gauean, Futurama telesaileko pertsonaiak izango dira plazan eta igandean, dantzaldia izango da. Inauterietako Printze eta Printzesa seniorrak aukeratuko dituzte eta mozorrotuta doazenek txokolate beroa dastatzeko aukera izango dute.
Tradizioari eutsiz
Shakira eta doinu dantzagarrienez alde egiteko beharrean direnentzat ere zer ikusi egongo da Parte Zaharreko eta beste auzo batzuetako kaleetan barrena. Larunbat arratsaldean eta igande goizean, Union Artesanako Lanpernen konpartsa, Eskolako Jardinzayen konpartsa, Intxaurra danborrada, Intxaurdiko kaldereroen konpartsa eta Gaztediko Oilarren konpartsa ibiliko dira kalerik kale. Jatorrizko euskal inauteria nolakoa zen gogora ekartzeko desfilea egongo da, halaber, igande eguerdian, Konstituzio plazatik abiatuta.
Antiguan, berriz, Antiguatarrak dantza taldearen eskutik berreskuratuko dituzte Lantzeko inauteriko Miel Otxin eta Ziripot pertsonai tradizionalen abenturak.
Sardinaren ehorzketa
Mozorro festari astelehenean egingo dioten agurra ere berezia izango da. 19:30etik aurrera Bilbo plazatik abiatuko den desfilean Los Funebres taldeak parte hartuko du. Eskeletoz, infernuko makinez eta suz apainduko dute kalejira.
Astelehenean oraindik inauteri gosez direnak Altza ingurura hurbil daitezke hurrengo igandean, martxoaren 13an egingo dutelako Eltze festa.
Momo jainkoa
Imanol Coira Maneiro 22 urteko gazte trintxerpetarra izango da 2011ko Momo Jainkoa. Bi urterekin hasi zen inauterian parte hartzen eta hamar urtetatik Boveda taldeko kidea da. Inauteri festa zainetan daramala onartu du gazteak, mozorro festaren arrarekin jaio zela adierazi du. Era horretan, barruan duen alaitasuna herritar guztei kutsatzen ahaleginduko da ostegunetik aurrera