Andoni Etxebeste (Supersweet): "Talde berri bati baino, aro berri bati ekin diogu"
Supersweet taldea sortu dute Chico Boomeko kide ohiek.
Supersweet taldea sortu dute Chico Boom-eko kide ohiek. Hirukote donostiarrak bihar, ostirala, egingo du lehen kontzertua, Le Bukowskin
Donostian, Chico Boom izenarekin jo zuten azken aldiz, iaz, Gazteszenan. Orain izen eta formatu berriarekin itzuli dira Andoni Etxebeste (bateria), Alvaro Turrion (teklatua) eta Imanol G.A. (gitarra). «Eskizofrenia pixka bat dago aldaketa dela eta, baina tira… Talde berri bati baino, etapa berri bati ekin diogu». Hau izango da Supersweet taldearen lehen kontzertua. Pozik gaude aurkezpena Le Bukowskin egingo dugulako. Chico Boomekin ez genuen inoiz jo. Ni señor No-rekin izan nintzen azken aldiz», azaldu du Etxebestek. «Dena den, kontzertu bat da, besterik gabe», zehaztu du. Koldo Soret baxuak Chico Boom utzi zuenetik hirukote bihurtu dira: «Faltan botako dugu. Baxua teklatuarekin egingo du Alvarok. Azken hiru urteotan grabatutako errepertorio guztia alde batera utzi eta hutsetik hastea bezalakoa izan da».
Finean, musikari berdinak direla, baina Supersweet etapaz aldatzeko modua zela uste du Etxebestek: «Imanol eta biok Señor No taldetik etorri ginen Chico Boom-era. Punk rockaren eszenatik gentozen. Koldo Soret ere, Surfin Kaosetik. Estilo gogorra ekarri genuen. Rocka eta garagearen haritik jo genuen, baina orduan ere nabarmena zen gure musika melodikoagoa zela, 60ko hamarkadakoa, lasaiagoa. Orain abesti berriak ditugu, eta diskoa laster kaleratuko dugu. Kanta lasaiagoak egin ditugu. Mugituagoak direnak ere melodikoagoak dira, alaiagoak ere bai. Euskal ukitua edo joera dugula esan ohi dut, melankolikoa eta tristea. Disko hau, ordea, popagoa atera zaigu. Ez dugu pop taldea garela esaten ez zaigu eta iruditzen pop taldea garenik».
Hain zuzen ere, 60ko eta 70eko popa edota power popa du gustuko Supersweetek: «Gero eta zaharragoak gara, adinak zerikusia dauka, eta esperientziak ere bai. Entzuten dugun musikak ere eragina dauka. Orain ez dugu musika kañeroa entzuten, beste musika mota batzuk entzuten ditugu».
Zuzenekoak eta diskoa prestatzeko lan eta lan aritu dira kideak: «Azaroan sartu ginen entsegu lokalean eta ez dugu atsedenik hartu. Alvarok lan handia egin du teklatuan. Ahotsak ere asko landu ditugu. Lehen lauron artean abesten genuen. Lana banatu behar izan dugu berriz ere, horregatik diot hutsetik hastea bezalakoa izan dela. Eszenatokian ere beste modu batean jarri beharko gara. Hirukote formatura moldatu behar izan dugu. Elkarrekin hurbilago sentitu nahi dugu hirurok».
Diskoa «ahal dugun bezain laster» kaleratuko dutela plazaratu du: «Arantza Sestayo ilustratzaile donostiarra ari da diskoaren azala egiten. Hori bukatu eta kopiak egitera bidaliko dugu». 11 abesti izango dira diskoan: «Batzuk lasaiak, besteak kañeroagoak… baten batek disko kutsua ere badu… Orain modan dago, baina zirriborro hau entsegu lokalean atera zitzaigun inprobisazio batean, duela bost urte edo. Orain erakutsiko dugu. Orain esango digute estilo horren gorakada aprobetxatu dugula, baina tira… Orohar, garagea, rocka eta popa dago lan berrian».
Biniloa kaleratzeko asmoa dute, gainera: «Askoz ere gehiago gustatzen zaigu formatu bezala. Baina autoekoizpena izango da, beraz, ahal duguna egingo dugu».
Le Bukowskiko kontzertuaren ondoren, «ez dakit Donostiara itzuliko garen diskoa aurkezteko. Hemen ez bada, inguruan behintzat egingo dugu zerbait. Udarako edo espero dugu beste zuzeneko bat ematea».