'Mar afuera, tierra adentro' filmean parte hartu dutenak, atzo Victoria Eugenian. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Euskal Telebistak Mar afuera, tierra adentro dokumentala aurkeztuko du ostiralean, ETB2an, 22:00etan. Felipe Juaristik idatzi du Pepe Azpirozek eta Antonio Cristobalek zuzendutako lanaren gidoia.
Lau gizonek Donostian utzitako arrastoari jarraitu dio Juaristik hiriaren historia bat kontatzeko. Jose Manuel Aizpurua, arkitektoa, Nautikoaren sortzailea; Eduardo Chillida, eskultorea; Gabriel Zelaia, poeta; eta Luis Martin Santos idazlea, Tiempo de silencio eleberriaren egilea. «Laurek ikasi zuten Marianistak ikastetxean, laurak izan ziren artista, eta laurak izan ziren abangoardia. Baina azken batean hiriak batzen ditu, eta batez ere, itsasoak. Chillidak txikitatik amets egin zuen Haizearen Orrazia zizelkatzearekin, Aizpuruak Bauhaus eskola eta itsasoarekin…Eta Zelaiaren poesia ere ezin da itsaso kontuan hartu gabe ulertu».
1936ko gerra aurreko garaia eta ondorengoa ere agertzen da filmean: «Aizpurua falangista izateagatik fusilatu zuten. Zelaiaren lagun mina zen, poeta komunista bazen ere. Haien arteko maitasun eta gorroto harremana azaltzen da dokumentalean. Federico Garcia Lorcarekin zuten harremana ere azaltzen da. Lorca askotan etortzen zen Donostiara».
Lau izen hauen ibilbidea eta lanak errepasatuz, sortzaileek amets egindako hiri hura irudikatu nahi izan dute egileek: «Guk egun sentitu dezakegun arrastoa utzi zuten haiek hirian. Paseo bat egitea nahikoa da konturatzeko. Kaian Zelaiaren oihartzuna iristen zaigu; Haizearen Orrazian, berriz, Chillidarena…», azaldu du Juaristik.
Dokumentalean, gainera, hainbat lagunen gogoeta, oroimen eta ekarpenek ere badute lekua. Jose Luis Munoa oftalmologoa, Pascual Aldabe konpositorea, Ricardo Ugarte eskultorea eta Jorge G. Aranguren, Santiago Aizarna, Luisa Etxenike eta Julia Otxoa idazleek parte hartu dute, besteren artean. Javier Sada kronikaria, Mikel Erenxun musikaria, Luis Chillida edota Pedro Gorrotxategi medikuak ere hartu dute hitza 72 minutuko lan honetan.