Irakurle arduratsuen garaia
Etxean Irutxuloko Hitza jasotzen dutenak berau argitaratzen duen Donostiako Hedabideak-en gutuna jasotzen ari dira egunotan. Urteko kuota kobratzeari ekingo diola jakinarazten die enpresak harpidedunei, beraien leialtasuna eskertzearekin batera. Era berean, egunkaria hartu, baina, ordainketarik egiten ez dutenei datozen egunetan banaketa hori etengo zaiela jakinarazi diete. Jasotzen jarraitu nahi dutenek, ordea, 902-82 02 01 bezeroen arretarako telefonora deitu besterik ez dute, harpidetza gauzatzeko.
Izan ere, euskarazko komunikabideek, tartean Irutxuloko Hitzak, bere irakurleen babesa izaten jarraitu behar baitute hizkuntza honetako komunikazio esparrua sendotzekoa bada. Ideia hau jorratuz, aurreko asteetan Euskal Herriko 80tik gora euskarazko komunikabidek editorial bateratua kaleratu zuten otsailaren 1ean. Taldearen idazkiak gogoratzen zuenez, krisi egoeran erakundeetatik etorritako dirua murriztu da, baina iragarleen eta, nola ez, komunikabide hauen kontsumitzaileen ardura mahai gainean jarri beharrekoa da ere.
Krisi hitzak duen esanahi ezkorretik haratago, Irutxuloko Hitza aldaketa eta garai berriari aurre egiteko prest dago. Honenbestez, harpidetzetatik datorren dirua orain artekoa mantentzera bideratzeaz gain, proiektua erabat murgilduta dagoen ekimen berriak aurrera ateratzera ere zuzenduko da. Azkeneko urteko ekimena da, esaterako, Berria Taldearekin batera ostiraletan Gipuzkoako Hitza argitaratzen hastea. Elkarlan horren ondorioa da ere Donostiaren eremuan egunkari hau Berriaren barrualdean banatzea.
Bestalde, Itzurun gehigarriaren sendotzea etorri da. http;//irutxulo.hitza.eus webgunearen eraberritzea ere gauzatu da. Interneteko sare sozialei dagokienez, Facebook eta Twiter-eko presentzia areagotzeaz gain, www.berriketan.info-ren sorreran erabat murgilduta izan da egunkari hau. Datozen 12 hilabeteetan, bide hauek jorratzen jarraitu nahi dute bere arduradunek. Azken batean Irutxuloko Hitzaren gertuko kazetaritza eredua irakurleengana bide guztietatik helaraztea baita Donostiako Hedabideak-en helburua.
Giltza, kalitatearen gakoa
Kontrakoa esan ezean, harpidetzak orain arteko modu berean kobratuko dira. Irutxuloko Hitzaren prezioak, igoera txiki bat izan du aurten, azkeneko bi urteetan bere horretan mantendu eta gero. Hori dela-eta, dagoeneko bere banku kontuan helbideratuta dutenek 75 euroko kargu bat ikusiko dute, iaz baino 3 euro gehiago, besterik ez.
Harpidetza ordaintzen dutenen artean laster jakinaraziko dugun sari eder baten zozketa egingo du Irutxuloko Hitzak. Egunkariak orain arteko irakurle ordaintzaileen leialtasuna zein berrien ekarpena eskertu nahi du ekimen horren bidez.
Bestalde, azkeneko hilabeteetan hasitako aldaketen harira, banaketa sarearen berregokitzeari ekingo dio Donostiako Hedabideak-ek. Hori dela-eta, hainbat auzotako irakurleek orain baino lehenago jasoko dute egunkaria. Aldaketa honek inoiz baino beharrezkoagoa egin du banatzaileentzat harpidedunen atarietara sartzeko giltza izatea, etxez-etxeko zerbitzuaren kalitatea bermatzeko.
Irutxuloko Hitzarekiko konfiantza saritzeko, egunotan banatzaileentzako giltza helarazten dutenen artean hainbat sariren zozketa izango da martxoan. Donostiako Hedabideak-ek laguntzaile sare bat dauka giltza jasotzeko. Toki horietan giltza utzi ezin badute, harpidedunek 902-82 02 01 edota 943-46 72 36 telefonoetara deituta, molda dezakete giltza emateko bide egokia.
Giltza non utzi
- Irutxuloko Hitza. Puioko Katalina Eleizegi, 36 (behea).
- Elkar liburudenda. Erdialdeko Bergara kalea, 6.
- Foto Miki. Antiguako Matia kalea, 3.
- Garazi liburudenda. Antiguako Matia kalea, 44.
- Easo liburudenda. Egiako Mandasko dukearen kalea, 9.
- Jaupe liburudenda. Larratxo pasealekua, 39.