"Junior kategoriako azken urte hau aprobetxatu nahi dut"
Xabier Jauregik (Erdialdea, 1993) sei urte daramatza Donostiako Atletikoren piraguismo taldean. Junior Mailan azken denboraldia du aurtengoa, hurrengo urtean senior izatera igaroko baita. Kadetea zela, Espainiako Txapelketan bigarren eta lehen postuak lortu zituen eta iaz, Junior mailan, bigarren azkarrena izan zen berriro ere. Euskadiko goi errendimendu zentroarekin entrenatzen du, Aritz Fernandezen aginduetara, eta iazko denboraldiko emaitzak hobetu nahi ditu.
Noiz hasi zinen piraguismoan?
Donostiako Atletikok antolatzen dituen udako ikastaroetan hasi nintzen. Hiruzpalau ikastaro egin ondoren, 11 urte nituela, klubeko taldean sartzea proposatu zidaten eta gustura hartu nuen. Hasieran ongi pasatzeko egiten nuen, baina gustatzen zitzaidanez eta lehiatzen gustura nenbilenez, serioago hartu nuen.
Nolakoa izan da orain arte zure ibilbidea?
Esan bezala, hasieran ongi pasatzeko erabiltzen nuen, baina orain, nire denbora guztia eskaintzen diot. Astean sei egunetan entrenatzen dugu eta asteburu askotan kanpora joaten gara. Batzuetan ikasketekin batera eramatea ez da erraza izaten, baina orain arte ongi moldatu naiz eta hala jarraitzea espero dut.
Zenbat zarete taldean?
Asko gara. Bederatzi urteko mutikoetatik hasi eta 32 urteko beteranoetara arte. Kategoria pila bat daude eta talde bakoitzak bere entrenatzailea dauka, mailaren arabera.
Zer moduz moldatzen zarete Donostia inguruan entrenatzeko?
Bidasoan entrenatzen dugu batzuetan, baina askotan Frantziara eta Kataluniara joan behar izaten dugu. Asko bidaiatu behar izaten dugu, hemen ezer gutxi dagoelako. Badiara ere irteten gara olatuak hartzera, baina guk ibai azkarretan lehiatzen dugu eta hemen ez dago horrelakorik.
Hori da. Ur bizietan ibiltzen zara, nola azalduko zenuke zure modalitatea?
Korrontea dagoen tokietan ibiltzen gara, batzuk ibai naturalak izaten dira eta beste batzuk horretarako prestatuak. Ibilbidea markatzen duten makil batzuk egoten dira eta ahalik eta azkarren joan beharra dago hasieratik bukaerara. Txapelketek minutu eta erdi inguru irauten dute.
Eta zer moduz daramazu asteburu askotan kanpora joatearena?
Asteazken eta ostiral batzuetan Frantziara joaten gara, Paura, baina normalean, gimnasioa eta korrika hemen egiten dugu eta aerobikoa, badian. Ibaia behar dugunean gehienetan Bidasoara joaten gara eta asteburuetan joaten gara kanpora. Ikasketak geroz eta gogorragoak dira eta hau ere geroz eta gogorragoa da. Geroz eta gehiago entrenatu behar duzu, geroz eta maila handiagoa dagoelako. Askotan gogorra izaten da, kanpoan nagoenean lagunak parrandan dabiltzalako. Gainera, lehenago ikasi behar izaten dut, bestela ez dudalako denborarik. Bizitza erritmoa aldatzen du, baina nik aukeratu dudan zerbait da, gustatzen zait eta aurrera jarraituko dut.
Getaria-Donostia zeharkaldia irabazi zenuen iaz, Junior kategorian.
Udaran entrenatzen jarraitzeko egin nuen, geldirik ez egoteko. Ez da nik normalean egiten dudana, baina ongi datorkit, hobetzen jarraitzeko. Parte hartu nuen hirugarren aldia izan zen, baina irabazteari ez nion garrantzia handiegirik eman. Ez zait asko gustatzen, ordu eta 40 minutu inguruko denbora egin nuen eta aspergarria egin zitzaidan.
Lehenengo aldiz nazioarteko txapelketa batean izan zinen 2010ean; Munduko Slalom Txapelketan.
Espainiako Txapelketan sailkatu behar izan nuen selekzioan sartzeko eta, behin hor egonda, Munduko eta Europako txapelketetara joateko aukera izan nuen. Zortea izan nuen eta sartzea lortu nuen. Munduko Txapelketa Frantziako Foix herrian izan zen eta hara joatea bakarrik izugarria izan zen. Hala ere, behin han egonda, gutxienez finalerdietara iritsi nahi nuen. Helburua lortu nuen eta 31. postuan geratu nintzen azkenean. Europakoan, berriz, finalerdietara pasatzeko postu batera geratu nintzen, 21. tokian. Oso pozik geratu nintzen egindako denboraldiarekin, hasieran ez bainuen haraino iristea espero.
Esperotako maila topatu zenuen?
Banekien maila altua egongo zela, baina gero hara iristean ikusitakoa izugarria izan zen. Ikusten duzu jendea oso oso ondo dabilela eta, hemen irabazi arren, kanpora atera eta ez zarela inor ere, entrenatzen duzun guztiarekin.
Zein da zure aurtengo helburua?
Berriro ere selekzioan sartzea espero dut eta Europako Txapelketan egindakoa hobetzea. Mundukoa bi urtetik behin izaten da eta datorren urtean izango da berriro ere.
Noiz hasi eta bukatzen da denboraldia?
Berez ez dago geldiunerik. Txapelketak otsaila-martxoa inguruan hasten dira eta uztaila arte egoten dira. Gero, abuztua eta iraila lasaiagoak izaten dira, baina aurten, adibidez, ez naiz geratu, entrenatzen jarraitu dut, denboraldian baino lasaiago. Bestela, irailan hasten da denboraldi-aurrea, urtarrilera arte.
Inguruan izaten dituzue txapelketak?
Urtearen arabera aldatzen da, baina aurten, adibidez, Galizia, Aragoi eta Frantzian izango ditugu Kopako probak. Katalunian, berriz, Espainiako Txapelketa jokatuko dugu, hori izaten da garrantzitsuena.
Aurten azken denboraldia izango duzu Junior kategorian.
Bai, 16-18 urte bitartean da. Junior kategoriako azken urte hau aprobetxatu nahi dut, hor egin ditzakezulako gauza garrantzitsuenak. Hurrengo urtean heldu guztiekin ibiliko naiz eta zailagoa izango da.
Zer moduz ikusten duzu zure burua aldaketa horretarako?
Horrek ez nau kezkatzen. Aurtengo denboraldia ongi aprobetxatu eta gustura geratu nahi dut. Hurrengo urtean ikusiko dut, ikasketak ere hor daudelako, ea zein aukera dudan eta nola jarraitu. Orain ezin dut horretan pentsatu.
Inguruko piraguista asko Kataluniara joaten dira, han entrenatzeko leku hobea dutelako.
Niri ere aukera eman zidaten bere garaian, baina nire ezetza berehalakoa izan zen. Hemen ere maila oso ona lor dezakezu, baina gehiago bidaiatu behar duzu ibaietara joateko. Hala ere, nahiago nuen Donostian geratu, nire lagunekin, hemengo ikastolan… azkenean, bizitza hau gogoko dut eta moldatuko nintzela uste nuen eta hala egin dut. Datorren urtean hemen jarraitzeko asmoa dut eta Atletikorekin lotuta jarraitu nahi dut, oso gustura bainago. Agian urteren batean ez naiz egongo maila altuan, baina nire asmoa taldean jarraitzea da.