Lehen lehendakariaren omenez
Parisen, erbestean, hil zen Jose Antonio Agirre, 1960. urtean. Eusko Jaurlaritzak haren omenezko erakusketa antolatu zuen, lehendakariaren heriotzaren 50. urtemugan, eta orain Kutxa Boulevard aretora heldu da. Agirreren bizimoduaren gora beherak eta garai hartako gertakizun garrantzitsuenak erakutsiko dizkie bisitariei.
Errepublikaren garaia, 1936ko gerra eta lehendakariak erbestean emandako urteetan zehar murgilduko dira ikusleak. Agirre lehendakaria ez ezik, haren ondoan izandako 18 kontseilariak omendu nahi izan dituzte erakusketan. Hain zuzen ere, nazionalista, errepublikar eta komunisten arteko hiru koalizio gobernuetan izandakoak. Gernikakoak, 1936an, 1936ko gerra eta Bigarren Mundu Gerraren tragedia bizi izan zituen; Baionakoak, 1946an, «Euskadira itzultzeko itxaropenari eutsi ziona»; eta Parisekoa, 1952an, «Francoren diktadurak ekarritako etsipena jasan behar izan zuena eta Agirreren heriotzarekin amaitu zena».
Jose Antonio Agirre Lekube Bilbon jaio zen, 1904ko martxoaren 6an. Familia katoliko eta abertzale batean hezi zen. Abokatu gisa lan egin zuen eta familiaren Chocolates Bilbainos enpresako kontseilaria ere izan zen. 20ko hamarkadan Athletic-en jokatu zuen. 1930 eta 1931 bitartean ekin zion jarduera politikoari EAJ alderdian. 27 urterekin Getxoko alkate izendatu zuten, eta 32 urterekin, Euskadiko lehen lehendakari. Erakusketak garaiko eta askotariko piezak bildu dituzte. Agirreren objektu pertsonalak, argazkiak, egunkari zaharrak, kartelak… Egunero, martxoaren 13 arte izango da zabalik lehendakariaren bizitza eta hark bizitako garaia irudikatzen duen erakusketa.