
Ekialdebuseko arduradun Paco Ruiz, Markel Olano ahaldun nagusia eta mugikortasun diputatu Arantza Tapia (Argazkia: Xabier Etxabe)
Oarsoaldera eta Bidasoaldera joateko autobus zerbitzua eskaintzen zuten enpresek bat egin dute eta Ekialdebus zerbitzu bateratua eskainiko dute martxoaren lehenengo egunetik aurrera. Hondarribia, Irun, Oiartzun ala Errenterira jo nahi duten bidaiariek, hortaz, adi-adi begiratu beharko dituzte ordutegiak baita linearen zenbakia ere, izendapena aldatu eta maiztasunak indartu dituztelako.
Zerbitzuaren berregituraketari esker, errazagoa izango da Ospitaleetara eta Ibaetako unibertsitate gunera iristea, zuzeneko lineak sortu baitituzte.
Lehen hegaldira
Horrekin batera, Gipuzkoa plaza eta Hondarribiko aireportura iristeko zuzeneko lotura indartuko dute. Lehen autobusa goizeko 6:30ean abiatuko da Gipuzkoa plazatik, lehen hegaldiarekin bat egiteko.
Gipuzkoa plaza
Donostiabuseko autobusentzat Bulebarra den bezala, Ekialdebuseko autobusentzat Gipuzkoa plaza bilkatuko da geltoki nagusi, egun Okendo kalean geratzen diren A-2 Pasai San Pedro, A-3 Beraun eta A-20 Trintxerpeko mikrobusa Gipuzkoa plazara mugituko dituzte-eta.
Doako aldaketa
Beste abantaletako batek bidaiarien poltsikoari eragingo die. Izan ere, Ekialdebuseko autobus linien artean doako autobus aldaketa egiteko aukera egongo da, ordu erdiko tartean.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, gainera, doako aldaketa hauek Lurraldebuseko gainontzeko zerbitzuetara zabaltzeko asmoa du martxoaren amaieratik aurrera.
Ostiral gaua
Dirua aurreztu ez ezik, erosoago ibiltzeko aukera ere egongo da, zerbitzu nagusiak goizaldeko 1:00ak arte egongo baitira lanean ostiral gauetan urtean osoan. Azken urteetan bezala, uztailetik irailera, ostiral nahiz larunbatetan ibiliko dira gaueko autobusak.
Aldaketa hauek guztiak, baina, zer nolako emaitza duten aztertuko dute hurrengo sei hilabetetan. Hala, beharrezkoa balitz, aldaketa edo egokitzapen txikiak egingo lituzketela zehaztu dute.
Gipuzkoako biztanleriaren %47 dabilen eskualdeotan garraio publikoa berrantolatzeko lana nekeza izan dela onartu du Markel Olano aldun nagusiak. Garraio sare berriak «jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa» eragingo duela nabarmendu du, halaber.
EKIALDEBUS: Zerbitzu berriak
- E03. Pasai Donibane eta Ospitale ingurua -Donostia Ospitalea, Onkologikoa eta Poliklinika- lotuko ditu orduro, astelehenetik larunbatera.
- E04. Oiartzun eta Donostiako unibertsitate gunean arteko linea zirkular berria, Ibaetatik sartu eta Amaratik eta Loiolako Erribera aldetik itzuliko dena. Pasaia eta Donostia artean saihesbidetik ibiliko da. Ordurokoa izango da zerbitzua, astelehenetik ostiralera.
- E07. Trintxerpe, Pasai Antxo eta eta ospitale gunearen arteko ibilbidea egingo du saihesbidetik barrena orduro. Astelehenetik larunbatera ibiliko da.
- E20. Hondarribia eta Donostia arteko eguneroko zerbitzua, N-I errepidetik. Orain arte ez bezala, Bidasoako eskualdeko ospitalean geltokia
izango du.
- E23. Linea zirkular azkarra autobidetik. Hondarribia eta Ibaetako unibertsitate gunea lotuko ditu. 60 minutuko maiztasuna izango du eta abuztuan ez dute zerbitzurik eskainiko.
- E24. Linea zirkular azkarra izango da eta autobidetik ibiliko da Irun eta Ibaetako unibertsitate eremuak lotzeko. Maiztasuna ordubetekoa izango
da eta abuztuan ez da zerbitzurik eskainiko.