(Argazkia: Raul Perez)Raul Perez
Bizikletaren aldeko apostua egiten duten donostiarren kopurua hazi egin da azken urteetan, eta jada, hiriko paisaian guztiz barneratuta dago.Leku batetik bestera joateko ibilgailu gisa aukeratzen dutenen kopuruarekin batera, hauentzako bideak ere gora egin du nabarmen. Bizikletaren aldeko egitasmoez gain, bihartik aurrera, hiru egunez, txirrindazaleen hiriburu bilakatuko da Donostia. Izan ere, bertan ospatuko baitute aurten asanblada. Jasangarritasunaren aldeko beste pedalka bat.
2001. urtean hirian barrena bizikletaren erabilera sustatzeko plana onartu zuen Udalak. Bertan, besteak beste, txirrindazaleentzat bideak egokitu eta sortzea aurreikusi zuen. Asmo horri irmo eutsi dio urteotan, ordutik hona bizikletentzako erabilgarri diren bide ugari sortu baititu. 2009ko datuen arabera, bidegorri, oinezko eta txirrinduentzako bide eta autoekin partekatutako 33.897 metro zeuden. Hauen %81a bidegorriei dagozkien 28.404 metroak dira. Azken bi urteotan sarea zabaltzeko egitasmo ugari gauzatu eta abian jarri dira: Bulebarra eta Hernani arteko bidegorria, Irun plaza eta Loiolako Erribera lotzen dituena eta Txaparrene pasealekukoa… Udalak 35 kilometro inguruko sarea %30 zabaldu zuen iaz, eta 2012ari begira, 60 arte luzatzeko asmoa adierazi zuen. Aurreikusitako hainbat proiektuk bizikletazaleen poza piztu duten bezala, auzotarren kexua ere eragin izan dute. Esaterako, Antso Jakituna zeharkatuko duen bide berriak, oinezkoekin partekatua izanik, zabalera nahikoa ez omen duelako.
Gazte nahiz helduen hautua
Ibilbide horietan barrena 12.500 joan-etorri baino gehiago egiten dira egunero. Cristina Enea Fundazioaren jasangarritasun behatokiak azterketa batean jasotako datuen arabera, horien gehiena lantokira edo ikastokira egiten dira. Bi emaitzak batuz gero, joan-etorrien %80,6a hartzen dute bi atalok. Hauen ondotik, aisialdian egiten diren osteratxoak daude, %24,3. Erosketetarako edo gestioetarako bidaiak, aldiz, %4,3a dira eta bestelakoak, %1a.
Ikerketa bereko datuen arabera, 21 eta 40 urte arteko gizonezkoa da hiriko txirrindulariaren profila. Nagusi izan arren, emakumeekiko alde txikia dute, erabiltzaileen %58,5a baitira. Adinaren araberako datuak begiratuta, aldiz, 21 eta 45 urte arteko lagunak gehiengoa izan arren; emakume eta gizonen arteko aldea nabari da. Emakumeei dagokienez, 21 eta 30 urtekoak nagusi badira, gizonen kasuan, 41 eta 50 artekoak dira. Bestalde, aipagarri da 50 urtetik gorakoen zenbatekoa. Izan ere, txirrindan ibiltzen direnen %18,8a baitira; 20 urtetik beherakoen kopurua baino altuagoa, hauek, %11,8a baino ez dira-eta.
Adinarekin loturiko beste berezitasun bat ere bada. Udal araudiaren arabera, bizikletek ezinbestean izan behar dituzte txirrina eta argi islatzaileak. Hala ere, txirrindulari donostiarren ia erdiak ez dio legeari jaramonik egiten: %49ak argiei dagokienez eta %43,2ak txirrinaren kasuan. Arauarekin bat egiten dutenen kopurua, ordea, hazi egiten da adinarekin batera.
Elkarbizitzarako pausoak
Udalaren nahia bizikleten erabilera hiri barruko joan-etorrietan %3,5etik %5era igotzea da. Hori errazteko, besteak beste, 30 kilometro orduko abiadurako guneak sustatuko dituzte. Bizikleta funtsezko garraiobide bilakatzeko, ordea, oinezko eta txirrindularien arteko elkabizitza lortzea ezinbestekoa da; eta alor honetan, oraindik ere, egiteko asko dagoela dirudi. Oinezkoekin partekatzen dituzten bideetan zuhurtziarik gabe edo legeak onartzen dituen 20km/orduko abiadura gaindituz ibiltzen diren txindulariek eragiten dituzte kexa gehien. Oinezkoen segurtasuna lehenetsi behar da egoera hauetan, horretarako, bizikletatik jaitsi edo abiadura moteltzea gomendatzen da. Arrisku eta eragozpenak, ordea, ez dira norabide bakarrekoak. Egunero ikus daiteke, bizikleta edo patinik gabe, bidegorritik dabilen jendea edo autoa ibilbidea oztopatuz uzitako autoak. Txirrindulari, gidari nahiz oinezkoek segurtasuna eta errespetua aintzat hartu beharko lukete, beraz.
Erabilera sustatzearekin batera bizikletentzako aparkalekuak ere ugaritzeko beharra agerikoa da. Azken urteetan 6.000 txirringa inguru hartzeko guneak prestatu dira. Hala ere, nahikoa ez direla dirudi. Izan ere, zuhaitzetan, argi posteetan eta bestelakoetan utzitako txirrindak, oraindik ere, ikus baitaitezke.
Bizikleten aldeko elkarteen bilkura, bihartik aurrera, Ondarretan
Bihartik igandera bitartean aurtengo ConBici asanblada egingo dute Ondarretako La Sirena aterpean. Larunbateko bilkuraz gain, partaideek hankei ere eragingo diete. Izan ere, igande goizean, 10:30etik aurrera, hiriko bidegorri sarean barrena ibilaldia egingo baitute.
ConBici bizikletaren erabilera sustatu eta txirrindularien interesak babesten dituen koordinakundea da. Portugal eta Espainiako 54 txirrindulari elkarte eta talde barneratzen ditu. Hauen artean, koordinakundearen sortzaileetako bat den Kalapie hiri txirrindulariek elkatea.
1985etik zikloturisten eta ziklisten arteko topaketak antolatzen ditu bi urtean behin; baita Bizikleta eta hiria kongresua ere. ConBicik oinezkoen nahiz txirrindularien segurtasuna babesten dituen trafiko legedia sortzeko lan egiten du. Bide horretan, jasangarritasunaren eta bizikletaren erabileraren aldeko politiken nazioarteko adibideak bildu eta zabaltzen ditu. Aldarrikapenen artean, garraiobide publikoak bizikletarekin bateratzea eskatzen du.
Koordinakundeak bere baitan hartzen ditu hirigintza, azpiegitura, ekonomia, turismoa, osasuna eta beste hainbat alorretako adituak. Heuek mugikortasun, ingurugiro edota osasun arazoak konpondu edo arintzeko bizikletak ekar ditzakeen onurak aztertzen dituzte.