Pegamo Bera Berako kideetako batzuk (Argazkia: Bera Bera)
Iaz gertatu bezala, azken jardunaldian jakingo du Pegamo Bera Berak ea datorren denboraldian ere errugbiko Ohorezko Mailan jokatzen jarraituko duen. Oraingoan, ordea, taldearen esku dago guztia, azken partida irabaziz gero, mantentzea lortuko baitu. 2009-2010 denboraldian, berriz, bigarren itzulia bikain egin eta azken partida irabazi bazuten ere, gainerakoen emaitzek jaitsierara eraman zuten. Ondoren, ordea, CRC Madrid taldearen postua erosita, denboraldi berrian ere maila berean lehiatzea lortu zuen.
Indartsu ekin zion Pegamok 2010-2011 denboraldiari, lehenengo hiru partidak irabazita. Gerora, hiru porrot jarraian jasozituen eta denboraldi gorabeheratsua izan du. Gorka Bueno taldeko entrenatzailea da, Iñigo Imazekin, batera eta denboraldiaren irakurketa egin du
Irutxuloko Hitzarentzat. “Egia esan, partida asko azken unean galdu ditugu eta beste modu batera bukatuko bagenitu, orain lasaiago egongo ginateke. Pena da oraindik mantenduko garen ez jakitea, baina baietz espero dut”.
Alcobendasen aurka salbazioa ziurtatzeko aukera izan zuen Donostiako taldeak aurreko asteburuan, baina huts egin zuen, 19-16 galduta. “Berdindu izan bagenu ere salbatuak egongo ginateke, baina azken minutuetan entsegu bat lortu zuten, guri ez zitzaiguna iruditu… azkenean kontrolatu ezin ditugun gauza askok gure aurka egin dute”, dio Buenok. Edonola ere, taldeak partida askoren azken minutuetan izan duela akatsa uste du entrenatzaileak. “Agian ez ditugu partida osatuak egin, hau da, 80 minutuetan guztiz partida ona gutxitan egin dugu. Gure errua izan da 60 minututan ongi aritu eta azken unean lan guztia zakarretara botatzea”. Hala ere, plantillaren gaztetasunak eta lesioek eragindakoa kontuan izan behar dela dio. “Ia inoiz ezin izan dugu talde berarekin jokatu”.
Matematiken gora-beherak
Datorren asteburuan, martxoak 5, izango du partida erabakigarria Pegamok VRAC taldearen aurka. Beraz, urduritasuna nagusi da taldean, dena partida horretan jokatuko dutela kontuan izanda. “Azkeneko hiru partidatan nahiko maila ona eman dugu. Hirutik bi galdu ditugu, baina taldeak ongi jokatu du eta, hala jokatuz gero, azken partida irabaziko dugula uste dut”.
Pegamok irabazten ez badu, mantentzeko bestelako aukerak ere badaude. “Galtzen badugu, baina bi puntu bonus jasotzen baditugu, nahikoa izango da. Bestela, galtzen badugu eta Alcobendasek ez badu puntu bonusik lortzen, mantenduko ginateke, baita berdintzen badugu ere”, azaldu du Buenok. Edonola ere, maila mantentzea da helburu nagusia eta partida irabaztera irtengo da Pegamo, helburua lortzeko asmoz.
SAILKAPENA: Ohorezko Maila
1. CR La Vila 68 puntu
2. Ampo Ordizia 62p.
3. Cetransa El Salvador 57p.
4. Bizkaia Gernika 55 p.
5. VRAC Q. Entrepinares 49 p.
6. Cajasol Ciencias 37 p.
7.
Pegamo Bera Bera 32 p.
8. Santboiana Seat 29 p.
9. Sanitas Alcobendas 28 p.
10. CAU Valencia 6 p.