(Argazkia: Mikel Goñi)
Talde bat irten eta bestea sartu. Hori izaten ari da egunotan, Gipuzkoa plazan kokatu duten Gaudiren La Pedrerari buruzko autobusaren jende jarioa. Goizeko 11:00ak aldera Ekintza Ikastolako DBHko ikasleak autobusetik irten dira eta, pare bat minutu geroago, Añorgako Amassorrain Ikastolako haurrek bete dute beraien tokia.
Otsailaren 22an iritsi zen hirira Antoni Gaudi arkitektoaren La Pedrera eraikina azaltzen duen autobus tematikoa. Lehen eguna Federico Garcia Lorca pasealekuan eman zuen Catalunya Caixaren gizarte ekintzak sustaturiko museo ibiltariak, zehazkiago, Espai Catalunya elkartearen egoitzaren inguruan. Asteazkenean kokatu zuten autobusa larunbat arratsaldera arte hartu duen tokian; Gipuzkoa plazan, alegia. Orain arte bisitariak ez ditu faltan izan. Talde ugari, goizetan, eta banako asko, arratsaldetan. Horrela izaten jarraitzea espero dute arduradunek, dagoeneko multzo askok izena emana dutelako eta pertsona dezente aritu delako galdetzen noiz arte egongo diren Aldundiaren parean.
Ondo prestatuta
Autobusak Bartzelonatik Donostiara egin duen bi urteko bidaian, hamaika hiri eta herritan egon da, 200.000 bisitari inguru izan direla bere barruan. Kopuru honen barruan daude Amassorrain Ikastolako haurrak eta bere irakasleak.
Arduradunek azaldu dutenez, toki guztietan antzeko gauzak galdetzen dituzte; baina, “nabarmena da Donostiako eskola taldeek zein ondo prestatuta ekartzen duten bisita”. Hori bera irakatsi dute Añorgako haurrek. Autobusera sartu baino lehen, beste gauza askoren artean, jakin baitzekiten Gaudik “naturari asko begiratzen ziola” bere lanak egiteko orduan.
Bertan ikasitakoak ere izan dira. Besteak beste, hizkuntzari lotuak, La Pedrera hitzek “harrobia” esan nahi dutelako. Gaudi, arkitektoaz gain, diseinatzaile bazela gustura entzun dute. Batez ere, azalpen horrek ikusgai zeuden hainbat gauza ukitzeko bidea eman dielako.
Haurren parte hartzea beharrezkoa izan du 40 minutu inguru iraun duen saioak. Beraiek izan baitira Gaudiren La Pedrerako formak eta Naturako aurki daitezkeen lore eta oskolenak elkartu dituztenak.
Bisita amaituta, gustukoa izan dutela aitortu dute haurrek, eta beraien lehen elkarrizketaren ondoren, “noiz irtengo gara egunkarian?” galdetuta hartu dute etxerako bidea.