Merkealdietako soberakinak salgai jarri dituzte Kursaaleko Stock azokan (Argazkia: Mikel Goñi)
Ekonomiaren egoerak bultzatuta-edo, jendeak pazientziaz itxaron zuen Eguberrien ondorengo merkealdiak iritsi arte. Donostiar askok gauza bera egin dute asteburu honetan gauzatu den Stockaren azokarekin. Ostiralean hasi eta atzo eguerdian bukatu zen Gipuzkoako Merkatarien Federazioak antolatu duen zazpigarren edizioa. Balantzea egiteko goizegi den arren, bertan zeuden saltzaileek iazkoaren berdintsua izan dela uste dute.
Arropa, oinetakoak, etxeko-arropak eta abarrekoak izan dira asteburuan salgai jarri dituzten produktuak. Federazioko Itziar Rodriguezek azaldu duenez, «merkatariek duten stock-ari irtenbidea emateko sortu genuen azoka duela zazpi urte. Biltegietan kentzen dien tarteaz gain, egindako inbertsioaren parte bat berreskura dezaten». Hain zuzen ere, merkealdian saldu ez diren denboraldiko produktuez gain,beste urtetakoak ere izan dira Kursaaleko beheko solairuan. Hartara merkatariek ohi baino prezio baxuagoetan saldu dutela merkantzia.
Kopuruaz eta kalitateaz
Mari amaratarra da eta, azkeneko urteetan bezala, feriara etorri da. «Beste urteetan baino salgai gehiago ikusi dut. Baina, nire ustez, kalitate gutxiago. Arropa zaharragoak ikusi ditut». Hala ere, pozik dago Maria Luisa Atorrasagastiri erosi dizkion barruko arropekin. «Bere dendako bezeroa ere banaiz, eta berak ez ditu gauza zaharrak ekarri aurten ikusi ditudanak baizik». Atorrasagasti Maite lentzeriako arduraduna da, eta lehengo azokatik eraman ditu salgaiak Kursaalera. Bere postua da probaleku duen bakarretakoa, «barruko arropak ezin dira etxera eraman eta bertan probatu», esan du barre artean.
Groseko Izadi Kirolak dendako arduradun Ion Fernandez ere pozik azaldu da, asteburuko salmentaren ondorioz, «ezin dut beste urteekin alderatu etorri garen lehena delako, baina merezi izan du». Urte gehiagotan izan da Oteiza etxeko arropa dendako Gorka Galarraga. Honen aburuz, aurtengoa ere urte ona izan da «guretzat behintzat, bai. Agian prezio baxuekin baino kalitate onarekin etorri garelako».
Bezero batzuk ordea bestela pentsatzen dute. Zumarragan denda duen Alexek zera esan du. «Prezio baxuak jarrita ere beti dago prezioa jaisteko tratuan saiatzen dena. Dendan 30 eurotan saldu, hona 10ean ekarri eta bostean erosi nahi dutenak dira».