Sahara ahaztu gabe
Sahararekiko elkartasuna adierazteko eta hango herritarren egoera zein den salatzeko, elkartasun hamabostaldia antolatu dute Donostiako, Bilboko eta Gasteizeko udalek, Sahararen alde lan egiten duten elkarte eta erakundeekin batera. Izan ere, igandean Bir Lehlun El-Uali Mustafa Sayyid-ek Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zueneko 35. urtemuga bete zen.
Saharar herriak erbestean ospatu du urteurrena. 2.000 kilometro baino gehiago dituen harresi batek iparraldetik hegoaldera bereizten du Sahara. Mendebaldea Marokok okupatua dago eta ekialdean Fronte Polisarioaren kontrolpean lurralde liberatuak daude. Tindufeko (Aljeria) errefuxiatu kanpamentuetan 200.000 gora lagun bizi dira. Mohamed Abdelaziz Mendebaldeko Saharako presidenteak Afrikaren iparraldeko matxinadek independentzia erraztuko dietela uste badu ere, arazoa estaliko duen beldur dira herrialde horren alde egiten duten euskal erakunde eta elkarteetako kideak.
Lankidetza zinegotzi Ainhoa Beolak ekitaldien aurkezpenean azaldu zuenez, Libia, Tunez, Egipto edota Aljerian izandako mobilizazioen antzekoak gertatu omen dira Marokon, «Mohamed VI. erregeak isilarazi arren, gaur inoiz baino gehiago, errepresioa gertatzen da», baieztatu zuen Beolak«diktadoreak marokoarren giza eskubide oinarrizkoenak zanpatu baditu, zer esanik ez sahararrenak». Era berean, Espainiako gobernuaren jokaera gaitzetsi zuen «harreman ekonomikoak giza eskubideei lehenesten dizkielako».
Musika, zinema eta gogoeta
Otsaila amaieran Gasteizen hasi eta Bilbon garatu duten ekimenari jarraipena emanez, igandean saharar bandera igo zuten Donostiako udaletxean. Urteurrena gogoratzeaz gain, sahararren errealitatea hurbiltzeko bi saio gehiago egingo dituzte. Lehena, Aieteko Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean gaur arratsaldean. Ekitaldiaren hasiera Aziza Brahim abeslari eta perkusionistak girotuko du, 18:30etik aurrera. Brahimek bere herriko erritmoak rock, blues edota reagge doinuekin fusionatuko ditu. Musika doinuek, errealitate gordinenaren irudiei lekua egingo diete. Izan ere, iaz Giza Eskubideen VIII. Zinemaldian Amnesty Internationalen saria jaso zuen El problema. Testimonio del pueblo saharaui dokumentala ikusteko aukera izango baita, 19:00etan.
Jordi Ferrer eta Pablo Vidal zuzendariek ezkutuan errodatu behar izan zuten lana, Marokoko agintariek Mendebaldeko Saharan gertatzen dena grabatzea galarazi baitzieten. Dokumentala osatzeko behar izan zituzten lau urte eta erdian, gizon-emakume errepresaliatuen, torturatuen, espetxeratuen… testigantzak eta dokumentuak bildu zituzten. Filmak erakutsitakoan sakontzeko parada izango da ondoren. Vidalen eta EHUko Nazioarteko Zuzenbide Publikoko irakasle Juan Soroetaren arteko solasaldia egingo baitute. Soroetak 20 urte daramatza Sahararen gatazka aztertzen eta Marokoren eskubide urratzeak gaitzesten.
Gaurko ekitaldiaz gain, ostiralean Bi herri, irrintzi bat diskoa aurkeztuko dute Guardetxean. 21:30ean hasiko den saioan, bertsolariek eta talde euskaldun nahiz sahararrek parte hartuko dute.