Alicia Amatriainen balleta, Victoria Eugenia miresgarrian
Alicia Amatriain dantzariari eskainitako gala egingo dute Victoria Eugenian.
Alicia Amatriain (Donostia, 1980), Sttugarteko Balleteko dantzari nagusia, etxera itzuliko da hurrengo apirilaren 2an eta 3an. ‘Alicia y las maravillas del ballet’ gala eskainiko du Victoria Eugenia Antzokian. Dantzariak berak prestatutako ikuskizuna izango da. Londresko Royal Balleta eta Amsterdamgo Balleteko zenbait dantzarik ere parte hartuko dute.
Zortzi koreografiaz osatutako programa egingo dute. Amatriain lau piezatan izango da eszenatokian. Hans van Manen-en ‘Two pieces for het’ koreografiarekin hasiko da ikuskizuna. Amatriainek Marijn Rademaker-ekin, Sttutgart Balleteko dantzari nagusiarekin dantzatuko du. John Neumeier-en ‘La dama de las camelias’ koreografian igoko dira berriz ere elkarrekin eszenatokira Chopin-en musikarekin dantzatzera. Sttugarteko Balleteko beste dantzari nagusi batekin ere dantzatuko du donostiarrak, Filip Barankiewicz-ekin, John Crankoren ‘La fierecilla domada’ koreografian. Renato Arismendik sortutako ‘La muerte del cisne’ obra, aldiz, bakarlari gisa interpretatuko du Amatriainek.
Marianela Nuñez eta Thiago Soares, Londresko Royal Balleteko dantzari nagusiak ere protagonistak izango dira galan. Tchaicovskyren ‘El lago de los cisnes’ eta Riccardo Drigoren Diana y Acteon obrak interpretatuko dituzte. Dantzarien zerrenda Amsterdamgo Balleteko Suzanna Kajc-ek eta Juanjo Arques-ek osatuko dute. Ryuichi Sakamotoren musikaren erritmoan dantzatuko dute Arquesek berak sortutako ‘Minos’ piezan, eta Erick Satie-ren doinuan, Hans Van Manen-en ‘Trois Gnossiennes’ obran.
Bi emanaldietarako sarrerak bihartik aurrera izango dira salgai. Denis Itxaso kultura zinegotziaren ustez, «munduko dantzari garrantzitsuenetako baten emanaldiaz gozatzeko aukera bikaina da. Luxua da». Izan ere, Donostia Kulturak, Gipuzkoako dantzari handienetako bat omendu nahi du. Lucia Lacarra edota Itziar Mendizabali eskainitako ikuskizunak ere antolatu izan ditu patronatuak. Norka Chiapusok, Donostia Kulturaren arte eszenikoen arduradunak, Victoria Eugenia lepo bete egingo dela ziurtatu du. Haren ustez, Amatriain hiriaren enbaxadore zoragarria da, eta bere ibilbidea, «meteorikoa».
Kontserbatoriotik, Sttutgartera 22 urterekin bakarrik Sttutgarteko Balleteko dantzari nagusi bihurtu zen. Donostian, 1985ean, hasi zen dantza ikasketak egiten, kontserbatorioan. Han izan zen 1994a bitartean, Ageda Sarasua eta Peter Brown irakasleen eskoletan. Hiria utzi eta Alemaniara joan zen, Sttugartera. John Crankoren eskolan hasi zen ikasten. Eta handik Sttutgarteko Balletera. Orduz geroztik munduko eszenatoki garrantzitsuenetan izan da donostiarra. Iaz, Gipuzkoako Dantzaren Profesionalen Elkarteak urtero antolatzen duen Dantzaren galan parte hartu zuen. Duela bi urte, Moskuko Balletaren izar gonbidatu gisa izan zen Victoria Eugenian. Giselle ikuskizunaren protagonista izan zen. Orduan dantzatu zuen lehen aldiz profesional gisa, txikitatik amets egin zuen antzokian.