"Daukagun lokala oso txikia geratu zaigu"
Bost urte daramatza Groseko Indarra surf taldeak Zurriola hondartzan duen lokala handitzeko eskaera egiten Udalari. Izan ere, 1980an kluba sortu eta handik urte gutxira lokala eskuratu zutenetik ez du hobekuntza handiegirik lortu. Aurten, zerbait lortzeko esperantza dute klubeko arduradunek eta lanak lehenbailehen hastea da beraien nahia. Egungo lokalak 100 metro koadro inguru ditu eta ondorioz, arropaz aldatzeko eta surf taulen biltegi moduan darabilte batik bat, ez baitute beste askorako lekurik. Groseko Indarrako Jesus Jimenezekin bildu da Irutxuloko Hitza eta beraien beharren berri eman dio. Edonola ere, arazoa argi daukate, “daukagun lokala oso txikia geratu zaigu”.
Egun, 250 bazkide ditu klubak eta itxaron zerrenda dute, ezinezkoa zaielako jende gehiago hartzea, dituzten azpiegitura arazoengatik. “Hasieran, Sagueseko berrikuntzen barnean zegoen gure lokalaren zabalkuntza, baina datak atzeratzen ari dira eta ez da aldaketarik egon. Uste dut finantziazioa dela arazoa”. Zehazki lokalak 140 metro koadro ditu eta lekua ia hirukoiztea da proiektuaren asmoa, pasealekuaren azpian zuloa handituz. Hala, 400 metro koadroko lokala lortu arte.
Jimenezek azaldutakoaren arabera, dagoeneko Udalak proiektua osatu dauka iazko urte bukaeratik. Gainera, Kostalde-baimena betetzen du, behin agindutako aldaketak eginda. “Arkitektuak gurekin harremanetan jarri ziren eta gure beharren berri eman genien”, azaldu du Jimenezek. Egoitza berriak gimnasio txiki bat eta eskola teorikoak emateko gela bat izatea eskatu dute, besteak beste. Aldi berean, elbarrientzako sarrera-irteerak egokitu beharko dituzte, egun hondar gainetik baitago sarrera bakarra.
Groseko Indarraren surf eskola 2006an sortu zen eta berrikuntzek eragingo diote. Klubaren asmoa, haur eta gazteei zuzendutako ikastaroak antolatzea da, udatik kanpo, egun ezin baitute. “Neguan, astean bitan entrenamenduak egin nahi ditugu teknika hobetzeko eta posible bada asteburuetan uretara atera”. Gauzak hala, azpiegiturak hobetzea beharrezkoa dela dio. “Orain ikasleek udan ikasitakoari ezin izaten diote jarraipena eman”. Bestetik, lokalaren kokapena dela eta, itsasoaren haserrealdiek behin baino gehiagotan arazoak ekarri dizkie erabiltzaileei. “Azken denboralean ura sartu zitzaigun lokalean. Egia esan, beti gauza bera gertatzen zaigu eta ordenagailua hondatu izan zaigu”.
Jimenezek lanak aurten hastea espero du, baina badaki horretarako, uda igaro arte itxaron beharko dutela. “Ez badira aurten hasten, beste urtebete itxaron beharko dugu. Gutxienez datorren hilabetean alkatearekin biltzea gustatuko litzaiguke”.
570.000 euroko aurrekontua
Iñaki Galdos kirol diputatuarekin harremanetan jarri da Irutxuloko Hitza eta Aldundiak Udalaren bidez handitze eskaeraren berri bazuela adierazi dio egunkariari. “Jon Lasa kirol zinegotziak proposamena aurkeztu zidan, lokala 140 metro koadrotatik 400 metro koadrora zabaltzeko”. Galdosen hitzetan, lokalaren handitze lanak betetzeko 570.000 euroko aurrekontua beharko da. “Jon Lasari proiektuan sartzeko prest ginela esan genion eta Udalak dioenaren zain gaude. Udalaren proiektua da, beraz, lanak hastean finantziazioan parte hartzeko konpromisoa hartuko genuke baina guk ez dugu datarik jartzen. Landabek egindako oinarrizko proiektua ezagutzen dugu eta hasteko asmoa dutela esaten digutenean, konpromisoa hartuko dugu, zenbaterainoko diru kopurua jartzera irits gaitezkeen ikusita”.