'Iparraldea bertan' ekimenak hamar urte bete ditu
Erakusketa batekin ekin zion Euskal Kultur Erakundeak, duela hamar urte, ‘Iparraldea bertan’ ekimenari: «Kantuketan erakusketa antolatu genuen Koldo Mitxelenan. Harrez gero Ipar Euskal Herriko artista eta hizlari garrantzitsuenak hemen izan dira», gogoratu du Pantxoa Etxegoin zuzendariak. Niko Etxart, Jean Mixel Bedaxagar eta Pier Paul Berzaitz kantari zuberotarrak, Anje Duhalde edota Otxalde musika taldea izan dira, besteren artean, urte hauetan guztietan. «Gure berezitasunak eta aberastasunak hobeto ezagutzea izan da gure helburua», azaldu du Etxegoinek.
Bihar bertan hasiko da aurtengo egitaraua. Jean Noel Pinque, Jean Pierre Luro, Lucien Joa eta Jean Marie Haritchabalet ariko dira kantuan, 19:30ean. Attuli (Alexis Etchecopar) barkoxtarra izango dute gogoan. Haren inguruko pastorala idatzi duen Patrick Queheille ere bertan izango da. Hurrengo asteazkenean, martxoaren 9an, Peio Etcheverry-Ainchart historialari gazteak Aberri txiki, aberri handi hitzaldia emango du. Euskal gatazka politikoa Euskal Herriaren bi aldeetan nolakoa izan den aztertuko du.
Martxoaren 16an ‘Kalakan’ ikuskizuna eskainiko dute Thierry Biscary, Pascal Indo eta Jamixel Bereau musikari eta kantariek. Perkusioa, txalaparta eta kantuaren inguruan egindako emanaldia izango da. Kantu tradizionaletik egungo musikara bidaia egingo dute.
Umorearentzako tartea ere izango da programan. Martxoaren 23an Kike Amonarrizek eta Pantxo Hirigaraik «hitzaldi umoretsua» egingo dute, Bidaso: biga so! Irri Iparrak eta Hego erak. Zergatik hitz egiten dute horren ozen gipuzkoarrek? Zenbateko aldea dago Lezotik Azkainera, 30 km ala mila argi urte? Ba al dugu elkarren berri? Bidasoaren bi aldeetatik, bi aldeetara bi begirada. Zerk batzen gaitu eta zerk bereizten? Galdera hauen eta beste askoren erantzuna emango dute biek ala biek.
Martxoaren 30ean Koldo Ameztoy kontalaria iritsiko da Koldo Mitxelenara. ‘Biribilketa, luma beltza’ emanaldia eskainiko du. Emanaldi guztiak 19:30ean hasiko dira.
Aurtengo berritasunak erakusketa eta dokumental bat izango dira. Apirilaren 6tik maiatzaren 7ra Jon Cazenave argazkilari donostiarraren ‘Herri ixilean’ erakusketa izango da ikusgai Koldo Mitxelenako Ganbaran. Bere abizenaren jatorriaren bila izan zen Ipar Euskal Herrian. Bidaia horretan ikusi eta ezagututakoa irudietan islatu zuen, eta proiektu hura izango da bertan.
‘Iparraldea XXI’ dokumentala Koldo Mitxelenako atariko pantailan proiektatuko dute. «Hegoaldeko gazteek Iparraldeko euskal kultura ezagutzea nahi dugu. Ez ditugu betiko irudiak erakutsi. Bertako gazteek dantzan, kirolean, antzerkian edota musikan egiten ari diren lana ikusiko dute», azaldu du Etxegoinek.