Maiatza bukaerarako eraberrituko dute Loiolako pilotalekua
Loiolako pilotalekua berritzen hasteko eguna aurreikusi du Donostia Kirolak. Ondo bidean, apirilaren 11n hasiko dira frontoia txukuntzen, eta maiatza bukaerarako txukun-txukun egotea kalkulatu dute. Lanek iraungo duten hilabete eta erdiko epean, bertan entrenamendu saioak egiten dituzten Alde Zaharra Kirol Elkarteko pilotariek ez dute atseden hartzeko aitzakiarik izango, Donostia Kirolak Atano III.a erabiltzen utziko baitie.
Pilotariak maiatza bukaeran Loiolako frontoira itzultzen direnean, erabat berrituta topatuko dute pilotalekua. Goitik behera itxuraldatzeaz gain, komun eta aldagela berriak eraikiko dituzte. Hain zuzen, kanpoan dauden komunak botako dituzte eta, barruan, errebotearen aldamenean, egingo dituzte berriak. Aldagelek 35 metro koadroko eremua hartuko dute. Leku hori baliatzeko, harmailari hamar bat metro kenduko dizkiote.
Era berean, euria egiten duen bakoitzean sortzen diren itoginekin bukatzeko neurriak hartuko dituzte. Pilotalekuko teilatua nahiz kontrakantxa inguratzen dituzten poliester eta metalezko xaflak aldatuko dituzte. Horrekin batera, zaharkitutako eta herdoilak jotako txokoak berrituko dituzte.
Argiztapena hobetzea eta paretak kolorez argitzea izango dira frontoia eraberritzeko azken egitekoak. Pareta guztiak margotzearekin batera, pitzadura guztiak estaliko dituzte. Argiztapenari dagokionez, behar den lekuan argiak aldatuko dituzte eta erabiltzaileen eskaerari erantzunez, txokoan, bi argi gehiago jarriko dituzte pilota ikusteko itsu antzean ibil ez daitezen.
268.283 euro
Loiolako frontoia itxuraldatzeko, 268.283 euro bideratuko ditu Donostia Kirolak. Aurten, Loiolako pilotalekuaz gain, Anoetako trinketean ere lanak egin nahi dituzte. Bi egitasmo horietarako milioi erdiko partida du Donostia Kirolak gordeta.
Iaz, 50.000 euro gastatu zituzten Herrerako, Bidebietako, Antiguako eta Sagueseko frontoietan konponketa lanak egiteko.