Aimar Rodriguez (Argazkia: Mikel Goñi)
Mendebaldeko Saharako errepublika izendatu zeneko 30. urteurrena gogoratu zuten igandean.
Aimar Rodriguez bidaiaria (Gros, 1975) Marokoren kontrolpean dagoen Dahla hirian zegoen egun horretan. Urteurrena nabarmentzeko sahararrek deitutako manifestazio baketsuari marokoarren oldartzea jarraitu ziola dio Rodriguezek. Militarrak Grosekoa mehatxatzera iritsi ziren argazkiak ateratzen saiatzeagatik. Dagoeneko Mauritania bidean da Rodriguez. Baina, bertan gertatutakoa ezagutzera emateko ahalegina egin du, sahararrek nazioartearen inplikazioa eskatzen ari direlako.
Zein da Dakhlako egoera?
Momentu honetan –astelehenean– bi Dakhla guztiz ezberdina daude. Alde batetik marokoarrena, non denda ia guztiak itxitak dauden, astelehen eta igandean guzti guztiak, eta kalean ageriko lasaitasuna, baina milaka poliziez beteta. Bestalde, Um Tounsi, Aksaykisat eta Ber Anzaran hiri erdiko sahararren auzoak eta marokoarren auzoek inguratuta. Hemen egoera oso larria da. Kale guztiak txiki-txiki eginda, kotxe eta etxe asko erreta…. Pertsona guztiak, haurrak barne, kateekin eta harriekin, auzoa defendatzen ari dira kalean. Etxeetan gelditzen den jendea janaria banatzen ari da kalean daudenentzat. Auzo hauek militarrek inguratuta daude, nahiz eta hauek ez duten oraindik parte hartu.
Nola hasi da hau guztia?
Larunbata eguerdian, sahararrek manifestazioa egin zuten independentziaren alde eta giza eskubideak eskatzeko; manifestazio erabat baketsua. Hori dela eta, poliziek, milaka lagun marokoarrekin batera sahararren auzoei eraso egin zieten. Honen ondorioz, Sahara marokoartzeko Mohammed VI erregeak babestutako Dakhlako Festibala eten egin zuten eta sahararren auzoak militarrek inguratu zituzten.
Egun batzuk eman dituzu han. Horrelako giroa al zegoen hasieratik?
Otsailaren 23an, asteazkenean, iritsi nintzenean hiri normalaren antza ematen zuen Dakhlak. Igandeko iskanbilak eta gero, gauza aldatu egin zen. Kontutan hartu behar da 26an sahararrek Saharako Errepublikaren 35. urteurrena ospatu zutela. Afrikako iparraldeko egoera ikusita, urduri dago Mohammed VI.a, bai. Honen ondorioz, nahiko protesta egon dira Marokoko Casablanca, Agadir, Fez edo Marraketchen herrialdearen giza eskubideen alde. Ezin izango lukete jasan sahararren kexak ere iparraldera zabaltzea. Marokoko jendeak Saharan gertatzen ari denari buruzko informazioa ez duela esan beharra dago, eta gehienek Marokoko hegoaldea balitz bezela ikusten dutela Sahara.
Kazetaririk ikusten al da inguruan?
Gaur arte ez dut ikusi kazetaririk, ezta turistarik ere. Bidaiari galduren bat edo beste marokoarren auzoetan; baina, Um Tounsi, Aksaykisat edo Ber Anzaranen bat ere ez. Militar batek mehatxatu ninduen Aksaykisat auzoan argazkiak ateratzeagatik.
Zein da Dakhlako herritarren egoera?
Marokoarrek eta sahararrek ez dute lana aurkitzeko aukera berdina. Teorian bai, baina praktikan ez. Dakhlako 99.000 biztanleetatik, momentu honetan, 90.000 baino gehiago Marokotik etorritakoak dira eta, noski, merkataritzaren kontrola hartu egin dute. Eskoletan ere, haur sahararrak baldintzatuta daude.
Sahararrak kalean ematen ari dira egun osoa euren auzoak marokoarren oldartzeetatik babesteko (Argazkia: Aimar Rodriguez)
Bertako jendearekin hitz egiteko aukera izan duzu. Zerbait eskatzen diote Nazioarteari?
Sahararrek, noski, eskatu egiten dute. Batez ere, Espainako Gobernuaren konpromisoa eskatzen dute. 1975. urteaz geroztik itxaroten ari dira. Esan behar da, 1994ean Amnesty International elkartea sartu zela lehenengo partez. Europako Batasuna eta Marokoren arteko akordioak baliogabeztea ere eskatzen dute.