Arreta plazara erakarri
Kirola egiten duen emakumeen irudi oso gutxi daudela jabetuta, Lilaton taldeak urtebete baino gehiago eman du emakumeak herri kirolean duen presentzia aztertzen. Egindako lana biltzen duen Emakumeak plazan dokumentala estreinakoz ikusteko aukera izango da, bihar, Arrasate kaleko Kutxa aretoan, 20:00etan. Pilotari, harri jasotzaile, aizkolari, arraunlari… hainbat herri kiroletan dabiltzan emakumeek beren testigantza eman dute. «Beraiek nahi zutena kontatzeko eskatu genien. Kirolean nola hasi ziren, nola dauden egun, eta etorkizuna nola ikusten duten galdetu diegu», argitu du Lilaton taldeko Arantxa Gurmendik.
Lilatoiari buruz egindako ikus-entzunezkoak korrikalari berri asko ekarri dizkio lasterketari. Emaitza hori ikusita, antzeko zerbait egin nahi izan zuten emakumezko kirolarekin, alor hori ezagutarazteko xedez. Gurmendik gogoratu duenez, «Emakumeak plazara izena zuen hasieran, hauek plazara deituz, emakume kirolariak ez baleude bezala, gutxi ezagutzen baikenituen». Lana burutzean, ordea, aurreiritzia guztiz aldatu dute «egon badaude herri kiroletan ari diren eta aritu nahi duten emakumeak, baina ez dira ikusten».
Sustatu eta ezagutarazi
Ikus-entzunezkoan parte hartu duten kirolariek, gustuko dutelako eta ondo pasatzen dutelako jarraitzen omen dute aurrera. Izan ere, kezka, gabezia eta oztopoz beteriko etorkizuna baitute. Gurmendik aitortu duenez, «sorpresa izan da guretzat emakume horiek jarraitzeko zailtasun handiak dituztela konturatzea». Batetik, amatasunaren arazoa aipatu dute. «Marijose Sardonek dio duen adinarekin umeak izan nahiko lituzkeela, baina bateraezina dela, harria jasotzea oso zaila baita», zehaztu du Lilaton Taldeko kideak. Horrekin batera, kirol batzuek laguntzak dituzten bezala, beste batzuek ahaztu egiten dituztela salatu dute gehienek. «Aurrera ateratzen diren kirolariak laguntzak dituztenak dira, bestela zu iristen zarenera egin dezakezu. Eta batzuetan hori ere ez, desanimatu egiten zarelako».
Motibazio faltan eragina dute ere, beraien ahalegina erakusteko aukera urritasunak eta komunikabideek eskaintzen diete arreta eskasak. «Hedabideetan ez da emakumeen kirola ageri. Horrela bada futbolari edo saskibaloiari dagokienez, nola izango da herri kirolen kasuan… Hori horrela, mezua argia da: kirola egitea bultzatu, lagundu eta ezagutzera eman behar da», zehaztu du Gurmendik. Bide horretan lagungarri izan dira Emakumea pilotari programa edo Kontxako bandera emakumeek ere jokatu ahal izatea, gazteen artean zaletasuna piztu baitute.
Bideoa ia osotasunean euskaraz grabatu dute,«herri kiroletan dabiltzan neska gehienak baserri mundutik edo giro euskaldunetik datozelako». Bertan parte hartu dutenei erakusteko asmoz, ekitaldi publikoa izango da biharko. Ikus-entzunezkoa ikusi ondoren, kirolariei galderak egiteko aukera izango dute bertaratutakoek.