"Hasieran, lau urtez egon eta uztea zen nire asmoa"
“Mendia aurkikuntza, abentura eta esplorazioa da eta gure inguruan guzti hori aurki dezakezu”. Jesus Mari Alquezarren (Gros, 1947) hitzak dira horiek, Vasco de Campingeko presidente 24 urtez izandakoa, baina nahikoa egin duela uste duenez, egun batetik bestera postua utziko du gazteei lekukoa luzatuz.
Nondik datorkizu mendizaletasuna?
Euskal tradizioaren parte da mendizaletasuna eta, ia guztia bezala, gurasoengandik seme-alabengana igarotzen da. Ni gurasoekin hasi nintzen mendira joaten, baina, garai hartan, ahal zen moduan. Gero, banku batean lanean ari nintzela, enpresako mendi taldeko kide egin nintzen. Ni beti klubeko gizona izan naiz eta lanekoekin gero eta maizago hasi nintzen mendira joaten. Oroitzapen politena 15 urterekin dut, orduan joan bainintzen lehen aldiz Pirinioetara. Izugarri gustatu zitzaidan eta erabaki nuen hori izango zela nire bizitza guztirako zaletasuna. Gero, Hamaika bat klubera igaro nintzen, baina, 1970ean itxi egin zutenez, Vasco de Camping elkartera igaro nintzen.
1970etik orduan klubeko kide izan zara.
Bai, 1970ean klubeko kide egin nintzen eta hortik sei hilabetera zuzendaritzako kide izateko proposamena egin zidaten, onartu egin nuen eta zortzi urtez egon nintzen zuzendaritzan. Hor bereziki propaganda egiten ikasi nuen, nik zabaltzen bainuen klubeko jardueren inguruko informazioa. Lagun asko egin nituen garai hartan eta, behin zuzendaritza utzita, Euskal Mendizale Elkartean sartu nintzen eta hor ere propagandaren ardura nuen. Hau da, komunikabideen bidez mendia promozionatzen nuen. Beste zortzi urtez egon nintzen postu horretan eta berriro klubean buru belarri sartu nintzen. Izan ere, 1987an krisi garaia iritsi zen Vasco de Campingera.
Krisia?
Alex Angulok Krisia aldaketa garaia zela zioen eta asko gustatu zitzaidan. Garai hartako zuzendaritzakoek ez zuten jarraitu nahi eta batzarra deitu zuten. Nik ez banuen presidente postua hartzen, kluba desagertu egingo zela esan zidaten eta animatu egin nintzen. Orduan Sebas Alonso zen presidentea eta klubean zer egin bazegoela esan zidan eta erronka moduan hartu nuen. Hasieran, lau urtez egon eta uztea zen nire asmoa, baina ordutik hemen jarraitzen dut. Gainera, nirekin batera 12 pertsona sartu ziren zuzendaritza osatzeko eta oso aldaketa gutxi egon dira ordutik.
Nolakoa izan da zure lana urte horietan guztietan?
Elkartearen bilakaera izugarria izan da 24 urte hauetan. 1.300 bazkidetatik 4.069 izatera igaro gara eta 600 federatuetatik 2.000ra. Pixkanaka Europako elkarte handiek egiten zutena egiten hasi ginen, baina maila apalean. Orain, klub handien maila dugu eta egin behar duguna egiten dugu, antolatu, promozionatu eta garatu, bai kirol bai kultura mailan. Jende askorengana iristea lortzen du klubak, herrikoia, apolitikoa eta laikoa delako. Beraz, pentsamendu guztietako jendea bildu da hemen eta ez da arazorik egon eta gainera kuota oso merkea da, urtean 27 euro ordainduta sekulako abantailak baitituzte bazkideek.
Denbora asko eskaini diozu klubari.
Egia esan, 24 orduko dedikazioa da. Jende asko jartzen da gurekin harremanetan, erreferentzia puntua bilakatu baikara, Espainia mailan ere. Ni presidente aktiboa izan naiz eta urtean 18 txango ere eraman izan ditut. Azken finean, egindako lanagatik ez duzu ezer jasotzen eta, zerbait gaizki eginez gero, kexuak jasotzen ditugu. Momentu honetan, obsesionatua nagoela esango nuke, gau batean 13 posta elektroniko jaso ditzaket, aurreko gauean ordenagailua 10etan itzalita, izugarria da. Orain datozenei kontuz ibiltzeko esan diet, esklabotasunean ez erortzeko. Nik 53 urterekin erretiroa hartu nuen eta orduan Vasco de Campingen leherketa iritsi zen. Ordutik, batean edo bestean egunero ateratzen gara komunikabideetan. Edonola ere, badakit klubaren historian geratuko naizela, postuan urte gehien eman dituen presidentea bainaiz. 24 urte.
Nolatan bete dituzu horrenbeste urte presidente izaten?
Ez zegoelako tokia hartu nahi zuen beste inor. Gainera, beti ikusten genuen bazegoela zertan hobetu, baina orain ez zait iruditzen egiteko gehiagorik dudanik.
Zein izan dira lorpenik handienak?
Lorpen asko egon dira. Esaterako, kluba erreferentzia puntua izatea, Groseko lokala lortzea, Udalak emandako domina, Nafarroako Pirinioan daukagun aterpea… Gainera, klubak hainbat bide errekuperatu ditu, Zumaia eta Deba artekoa adibidez, baita Ulia eta Jaizkibel mendiak ere. Jaizkibelen sekulako natura aberastasuna dago eta erakundeek hori ezkutatu egiten dute. Zorionez Aranzadi hor lanean ari da. Era horretako salaketa asko egin ditu klubak, baina beti modu egokian. Bestetik, txango kolektiboetan, berriz, 2016ko hautagaitzaren harira antolatutako irteerek sekulako arrakasta izan dute; 300 lagun bildu izan ditugu. Errimaia aldizkaria kaleratzea ere sekulako lana da, gu ez baikara kazetariak eta horren atzean lan handia dago.
Gaur egun zer kirol egiten dituzu?
Mendizale apala naiz, denetik egin dut, baina ez naiz ezertan aditua. Gauza asko probatu ditut, mendi lasterketak, ibilaldiak, tradiziozko mendizaletasuna, eskia, mendi eskia, txirrindularitza… edonola ere, harro nago euskal orografia ezin hobeki ezagutzeaz. Gainera, ingurukoekin esperientziak partekatzea zoragarria da eta asteazkenero lagunekin mendi irteera bat egitera joaten naiz. Azkenaldian jarduera batzuetan interesa galdu dut lesioengatik, baina lasaiago mendian ibiltzen jarraituko dut.
Zein mendik hunkitu zaituzte gehien?
Italiako Alpeetako Dolomitak izugarriak dira, oso oroitzapen ona daukat. Pirinioetan, berriz, Balaitus ere sekulako mendia da. Gainera, izugarri kostatu zitzaidan iristea, hirugarren txandan lortu bainuen gailurrera iristea. Mendia gogorra da eta istripu asko egoten dira, baina zoragarria da eta bizitza kalitatea hobetzen du.
Orain zer gertatuko da?
Nik nahikoa egin dudala esan nuen eta mutil gazte batzuk zuzendaritza hartzeko prest agertu dira. Datorren astean euren plana aurkeztuko dute. Sekulako erronka dute aurrean eta egingo dutena eskertzen diet, bestela kluba itxi egingo zelako. Izan ere, egin nahi duten gauzetako bat, gazteak klubera erakartzea da, baina hori dagoen gauza zailenetakoa da. Klubaren maila goian dago eta hori gutxienez mantendu beharko dute. Lehenengo urtean agian puntualki lagundu beharko dut, galduta dabiltzalako, baina ez dut posturik nahi. Ezingo nuke erritmo honekin aurrera jarraitu. Pentsa, botere aldaketa egingo dugun bilerara emaztea etorriko da, elkartean jarraitzeko konbentzitu ez nazaten.
Nola sentitzen zara?
Klubaren etorkizunak kezkatzen nau, lan handia baita oraingo maila mantentzea. Badakit sartuko direnak gai direla lan egiteko, baina ez dute nik adina denbora izango. Nik egiten dudan guztia egiten saiatzen badira, saiakeran hil daitezke edota emazteengandik banatzera hel daitezke. Taldean jende asko beharko dute guztia aurrera ateratzeko.