«Ni hil egingo naiz, baina Errekamari ez»
Txotxongillo taldeak 40 urte bete ditu taula gainean. Enkarni Genua eta Manolo Gomez elkarrekin izan dira urte hauetan guztietan
Enkarni Genua eta Manolo Gomez-en Txotxongillo taldeak berrogei urte bete ditu taula gainean. Orduz geroztik hogeitik gora obra estreinatu dituzte euskaraz.
Antiguan egin zuten lehen txotxongilo ikuskizuna, «El pudrin, Luistarren elizan. 28 urte nituen orduan, eta hiru seme-alaba», gogoratu du Enkarni Genuak (Donostia, 1942). ‘Txispa eta bere lagunak ikastolan’ izena zuen obrak. Jakintza ikastolaren jaialdi baterako prestatu zuen bere senarra Manolo Gomezekin batera. «Gure seme-alabak bertan ikasten ari ziren, eta beste gurasoek bezala, ba laguntza eskaini genuen. Garai hartan ikastolak jaio berriak ziren eta denetik egiten genuen laguntzeko. Beste batzuk sukaldean patata tortilak prestatzen laguntzen zuten, eta guk, ba etxean genituen panpinak eraman genituen». Haiek seme alabekin etxean jolasteko egin zituzten txotxongilo haiek: «Gure asmoa zen egun horretan emanaldia egitea, eta kitto». Baina jendeak berriz ere ikusi nahi zuen bikotea lanean: «Andereño batek errepikatu behar genuela esan zidan. Beste ikastoletako andereñoek ere gure emanaldiaren berri izan zuten. Lazkaotik edota Aretxabaletatik deitu ziguten. Berehala konturatu ginen hura ez zela emanaldi bakarra izango, konpromiso izango genuela».
Inolako zaratarik atera gabe, lanean hasi ziren: «Ahoz aho berria zabaltzen hasi zen, ‘txotxongilo ikuskizuna euskaraz egiten ari den senar emazte batzuk daude’. Eta jendea telefonoz hasi zen». Lehen ikuskizun haren ondoren iritsi ziren ‘Txispa eta Kattarina txanogorritxoaren ipuina’, ‘Aupa txoruak’, ‘Altxa Felipe tru la rai’, ‘Errekamari’… “‘Printze Txikia’-rekin Tolosako lehendabiziko Txotxongilo jaialdia inauguratu genuen, 1983an”.
Eta horrela, «ia konturatu gabe», berrogei urte eman dituzte lanean. Urte hauetan guztietan hogeitik gora ikuskizun sortu dituzte: «Bi urtean behin gutxienez lan berria aurkeztu dugu». Hasieran Genuak eta Gomezek egiten zituzten panpinak: «Lehen bazegoen halako ohitura bat txotxongilo gileek dena egiteko ohitura. Dena egiten genuen, eta harro sentitzeko moduko zerbait zen. Urteak joan ahala, beti saiatu gara gure inguruan gu baino gehiago dakien jendearekin lan egiten, profesionalekin».
Txotxongilo taldea sortu zenean txotxongilo ikuskizunen eszena «basamortua» zela dio Genuak: «Orain antzerki talde asko daude, eta txotxongilo taldeak ere bai. Baina garai hartan gu izan ginen lehenengoak. Gure haur euskaldunek gure beharra zuten». Txotxongilo emanaldiak egiten hasi eta hilabete batzuk beranduago Kixki, Mixki ta Kaxkamelon hasi ziren: «Gerora Txirri, Mirri eta Txiribiton bihurtu direnak. Elkarrekin ez dakit zenbat emanaldi egin genituen. Gure lana garrantzitsua izan zen. Egun, jubilatzen banaiz, ez zaio inori axola izango, baina urte haietan bai».
Genuak txikitatik istorioak kontatzeko beharra sentitu duela aitortu du: «Mojen ikastetxe batean ikasi nuen. Oroitzapen politenak antzerkiarekin lotuta daude. Antzerki asko egiten genuen. Dirudienez, ondo egiten nuen beti ematen zidaten eta, paper garrantzitsuena». Ustekabean, gauza bitxia gertatu zen: «Gure zuzendaria antiguatar batekin ateratzen hasi zen. Pertsona horrek beste talde bat zeukan Luistarrenean. Hain zuzen ere bertan egiten zuen antzerkia nire senarrak. Bi taldeak elkartu egin zituzten. Nire senarra eszenatoki batean ezagutu nuen».
Urte haietan, gainera, hainbat antzerki talde izan ziren hirian. Genua eta Gomez Antigona eta TEUn izan ziren biak ala biak. «Hori guztia txotxongiloekin lanean hasi baino lehen gertatu zen. Hainbat taldetan egin genuen antzerkia. Beti disfrutatu dut antzezle gisa».
Ezkondu ondoren Gomezek antzerkiarekin jarraitu zuen: «Nik, ordea, seme alabak izan nituenean, txotxongilo ikuskizunak egiteko grina piztu zitzaidan».
Berrogei urte igaro dira, baina oraindik istorioak kontatzeko gogoa du Genuak: Asmatu ditudan istorio guztiak ez ditut taularatu. Batzuk liburuan irakurtzeko idatzi ditut bakarrik. Halako batean, ‘hau azkenekoa izango da’, pentsatzen duzu. Haur bat izan duzunean eta bigarrena ekarri behar duzunean bezala. Txotxongiloekin gauza bera gertatzen da. Obra bat sortzea sufrimendua da, poza ere bai, bestela ez zenuke egingo. Kezka ere sortzen da. Nolakoa izango da haurra… Eta konturatu gabe hurrengo obran pentsatzen hasten zara. Hau azkena izango da, baina hori askotan esan dut, eta nik neuk ere ez dut sinisten. Orain ziur nago hau azkena izango dela, baina auskalo!». Istorio arrakastatsuak Coca Colaren formula bezalakoa direla dio Genuak. Istorioak errazak izan behar dira haurrek ulertu ahal izateko. Gaur goizean, esaterako, bi saio egin ditut eskola batean. Andereño batek esan dit dohain berezia dudala haurrekin konektatzeko. ‘Nola ezagutzen duzu neska-mutilen mundua. Zure pertsonaiek esaten dutena gure haurrek esaten dute’. Berezko erraztasuna dut neska mutilekin konektatzeko».
Hasieratik bukaera arte haurrek bere ikuskizunak ulertzen dituztela dio, «horregatik daude hain erne. Zerbait gertatu behar da haurra erakartzeko. Ondo pasatzea ere ezinbestekoa da. Umorea gustuko dute». Bere ustez, «obra publikoaren aurrean antzezten denean hazten da. Entseguetan ez da nahikoa. Pilotan frontoiaren pareta gabe jokatzea bezalakoa da. Prozesu hori ikaragarri gustatzen zait».
Errekamari, mugarria Sortu duen pertsonaia gustukoena Errekamari da: «Ni hil egingo naiz, baina Errekamari ez. Gure izarra da. Klasiko bihurtu da. Jende askok badaki Errekamari existitzen duela, baina nitaz ez dakite ezer. Errekamari guretzat oso esanguratsua da. 1978an jaio zen. Momentu horretan ‘booma’ izan zen. Txotxongiloekin egindako horrelako obrarik ez zuen inork ezagutzen. Orain bai. Bertakoak zein kanpotik etortzen direnak. ‘Errekamari’ asko maite dut, baina baita ‘Ipurtargi’ edota ‘Printze txikia’ ere bai. Orain ere ‘Elurrezko panpina’ maitatzen hasi naiz».
Joan den larunbatean estreinatu zuten obra berria, ‘Elurrezko panpina’, Ernest Lluch kultur etxean: «Oso ondo egon zen, baina hobetu egin behar dugu. Oraindik jaio berria da eta», dio Genuak.