Amuaz harrapaturiko berdela iristen ari da Donostiako kaira, ingurasarearen kuotak goia jo eta gero (Argazkia: Mikel Goñi)
Asteazkenean itxi bazen ingurasarea erabiliz berdela harrapatzeko sasoia, arrantzaleek amuaz harrapakin hori arrantzatzeko denbora muga datozen egunetan iristea espero dute. Arrain mota honek lonjan izan duen prezioarekin pozik azaldu badira ere, Donostiako arrantzaleak haserre daude. Izan ere, Europako Batasunak ezarritako muga ez baitagokio itsasoan dagoen berdel kopuruari, baizik eta azkeneko urteetan beste arrantzaleek egindako demaseko arrantzari.
Donostiako arrantzaleen kofradiako idazkari Iñaki Arbidek azaldutakoaren arabera, «berdel gehiegi harrapatu dute batzuek, bai. Baina, benetako arazoa iparraldeko herrialdeen merkatuetan saltzea izan da. Orduan etorri da Espainiari ezarri zaion isuna, eta ondorioz guri».
Era berean, hiriko arrantzaleen artean demaseko harrapakin horien kontrako iritzia da nagusi, etorkizunari begira kaltegarriak izateaz gain, prezioen jaitsieran izaten duten eraginagatik. Erretiroa hartua duen arrantzalea da Anjel Isturiz . Honek ere salatu du gehiegizko arrantza. «Hainbat ontzik egin dutena ikaragarria da. Neurriz gaineko kopurua harrapatuta zutenean, berriro ere botatzen zituzten sareak uretara. Prezioak jaitsaraztea eta etorkizuna hondatzea besterik ez dute lortuko».
Berdela eta gero, antxoa
Hainbat ikerketaren ondoren, iaz, Europako Batasunak ikusi zuen azkeneko urteetan Espainiako Estatuko flotak baimendutakoa baino berdel gehiago harrapatu zuela. Ondorioz, 2011-2015 epean, dagokion harrapakin kopurutik deskontatu beharko dute demasan arrantzaturiko kopuruaren bikoitza.
Horrek guztiak eragin du aurtengo berdelaren kanpaina beste urteetan baino laburragoa izatea. Arbidek dioenez, «prezio ona izan du berdelak, kontserba fabrikek eta abarrek aurten kuota txikia genuela baitzekiten. Beraz, prezioekin ezin gara kexatu, baina laburra egin zaigu sasoia».
Berdelaren kanpaina itxirik, ingurasarea erabiltzen duten ontziek antxoetara joan beharko dute. Hala eta guztiz ere, gogoratu beharra dago bokartaren sasoia ere murrizketak izango dituela. Iaz bukatu zen arrain hau arrapatzeko debekua, eta aurten iazko kuota bikoiztukodute