Datorren udarako berrituko dute Groseko Txofre plaza
Groseko bilgune nagusietako batek ageriko itxuraldaketa izango du datozen egunetan, Udalak Txofre plaza eraberrituko baitu. Arropa gorriz tindatzeko lekua aproposa den pista txukunduko dute, eta hura inguratzen duten harrizko hesi apurtuak aldatuko dituzte. 144.484 euroko inbertsioa egin du Udalak.
Langileak oraindik plazara iritsi ez badira ere, dagoeneko aldatu beharreko materiala biltzen ari direla adierazi du Ana Rivilla Bide Publikoetako zinegotziak. Pista gorria inguratzen duen harri zuriz osatutako hesiak jatorrizko kolorea galdu du, zikinkeriak jan duelako. Zaharrak ordezkatuko dituzten harri berriek plaza argituko dute. Pista eraberrituak, era berean, egun euria egiten duenean sortzen diren putzuei esango die agur.
Lan hauek guztiak burutzeko bi hilabete beharko dituztela aurreikusi dute. Udarako, beraz, apain-apain egongo da Txofre plaza.
Hirutxulo plaza, azkena
Txofre plazaz gain, zaharkitutako hainbat haur parke eraberritzeko lanetan ari dira Bide Publikoetako arduradunak. Pio Baroja pasealekuan dagoen parkean, esaterako, haur jolas berriak jarri aurretik, lorzoruko porlana bota dute, eta Mikelete pasealekuarekin bat egiten duen bidexka eraberritu dute.
Antiguan, Geriatriko inguruan dagoen parkeak itxura berria du. Amarako Araba parkean eta Aieteko parkean ere haur jolas berriak eskatu dituzte zaharrak ordezkatzeko.
Eraberritzen azkena, Egian, Hirutxulo plazako –Atotxako futbol zelaia zena– jolas parkea izango da.
Haurrek udako oporrei heltzen dietenerako, eraberritutako haur parke sorta luzea izango dute aukeratzeko. Itxuraldaketa horiek guztietarako 200.000 euro bideratu ditu Udalak.