Errepresaliatuen omenez dantza egin zuten Batzar Nagusien egoitzan (Argazkia: Mikel Goñi)
Hogei bat herri eta hirietako alkate eta udal ordezkari izan ziren gonbidatu Gipuzkoako Batzar Nagusiek egin duten oroimen historikoaren lehen ekitaldian. 1936ko gerrak eta frankismoak jazarritako pertsona guztien oroimena eraman nahi izan zuten Gipuzkoako parlamentuaren egoitzara, errepublika garaiko udal langile eta ordezkari errepresaliatuen memoriaren bidez.
Batzar Nagusietako presidente Rafaela Romerok hitz egin zuen erakundearen izenean, eta berak ekarri zituen gogora fusilatutako alkate eta zinegotziak, tartean Loiolako auzo-alkate Saturio Burutaran, edota Ceferino Martiarena zein Luis Iglesias zinegotzi donostiarrak.
Romerok azaldu zuenez, atzokoa agindutakoaren betetzea izan zen; «Frankismoaren biktimekiko oroimen publiko demokratikoaren eraiketa lanaren jarraipena». Hain zuzen ere, ekitaldian Gipuzkoa. Udal Errepublikanoetatik frankistetara. 1936-1937 izena duen liburua aurkeztu zuten.
Idazkia Aranzadi zientzia elkarteak osatu du Batzar Nagusien enkargua jarraituz, eta bere orrien artean lurraldeko hamaika udal kargu eta langileren izena eta historia bildu dute herrika sailkatuta; horiek guztiak frankistek errepresaliatu zituztela gerra garaian, zein ondorengo urteetan. Iñaki Egaña historialari amaratarra izan da liburua osatzen aritu diren lau ikerlarietako bat. «Lan handia egin dugu. Dokumentu asko eta askoren artean bilatu behar izan dugu, batzuetan lerro bat besterik ez aurkitzeko».
Ekitaldian parte hartu zuten hogei udaletako ordezkariek argitalpenaren ale bana jaso zuten, errepublika garaiko erakundeen legezko ondorengo gisa. Bestalde, hainbat alderdi politiko eta elkarteetako kideak ere izan ziren gonbidatu hitzez, arrosa zuriz eta dantzaz egindako omenaldian.