TAO zerbitzua aldatzeko erabakia Udalbatzari dagokiola dio oposizioak
Azken asteetan industrialdeetan aparkalekua ordenatzeko piztu den eztabaidaren aurrean, alkateak bandoa kaleratu zuen hartutako erabakiaren berri emateko. Elorzak bandoan jakitera eman zuenez, “Igaran eta Zuatzun TAO edo beste neurri batzuk indarrean jartzeari buruz edozer erabaki aurretik, interesdun guztiei helaraziko dizkiegu abian ditugun mugikortasun azterlanak, partaidetzan eztabaidatu ahal izateko”.
Lantokira iristeko Europako Batasunak finantziatu dituen ikerlanen emaitzen zain geratzen da, beraz, TAO zerbitzua Igara eta Zuatzura zabaltzeko hautua. Miramonen ere beste horrenbeste erabaki dute.
Alkatearen jokabidea zuzena den ala ez zehazteko, txostena egitea eskatu diote PP, EAJ eta EA udal taldeetako bozeramaileek udal idazkariari. Hark egindako txostena aintzat hartuz, industrialdeetan aparkalekuak ez arautzeko erabakia bertan behera uzteko, bandoa plazaratzea ez dela nahikoa zehaztu dute oposizioko alderdiek. Araudia egokitu behar dela, eta horretarako eskumena Udalbatzak duela jakinarazi dute.