Iñigo Imaz, Pegamo Bera Berako entrenatzailea (Argazkia: Mikel Goñi)
Denboraldia bikain hasi bazuen ere, ezer gutxirako balio izan dio Pegamo Bera Bera errugbi taldeari, maila galdu baitu. Iaz ere bide bera hasi zuen, baina Madridek utzitako lekua erosi ondoren, Ohorezko Mailan jarraitzea lortu zuen. Quesos Entrepinaresen aurka jokatu zuen Ligako azken partida atzo eta 23-28 galdu zuen.
Iñigo Imaz entrenatzailearen ustez, oso egun txarra izan zuten.
Nola ikusi zenuen taldea atzoko partidan?
Oso gaizki, egia esan partida txarra egin genuen. Hasieratik lesioak izan genituen eta Palomaresek ezin izan zituen 10 minutu ere jokatu. Azken finean, egun okerra atera zitzaigun, oso gaizki jokatu genuen, lesioak izan genituen, epailea negargarri aritu zen, urduritasuna, dena aurka… eta azkenean kale, besterik ez.
Bestelako sentsazio batekin joan zineten partidara, ezta?
Beno, bagenekien partida zaila izango zela. Beraiek irabaztera zetozen, nahiz eta jokoan ezer ere ez izan. Hala ere, esperantza genuen, baina ez genuen irabazi, eta kanpora.
Orduan egun gogorra izan zen?
Denek berdina diote, baina ez dakit. Hau kirola da, igo edo jaitsi zaitezke, irabazi edo gal dezakezu, beste batean izango da.
Iaz bezala azken partidan jokatu duzue mantentzea. Nola zaudete?
Ligan 18 partida jokatu ditugu eta horietako zortzi irabazteko zorian egon gara, baina zazpi galdu eta bat berdindu dugu. Errugbian bonus defentsiboak daude eta zazpi puntu baino gutxiagogatik galtzen baduzu jasotzen dituzu. Normalean liga batean merezi duzun tokian bukatzen duzu, baina ez dakit. Aukera izan dugun zortzi partida horietan ez dugu asmatu eta horregatik gaude beheran.
Zorte txarra izan duzuela esango zenuke?
Izango balitz partida batean irabazteko zorian egon eta galdu dugula, agian, baina zortzitan izanik… argi eta garbi islatzen du ez dakigula momentu horietan nola jokatu. Zorte txarra izan dezakezu, baina urte guztian ez zaitu jarraitzen.
Orduan akatsa non egon dela esango zenuke?
Momentu erabakiorretan ez dugu jakin nola jokatu behar genuen. Bestela, zortzi partida horietatik bizpahiru irabazi beharko genituzke.
Bigarren urtez jarraian jaitsi zarete, Ohorezko B Maila taldeari dagokion tokia da?
Ba ez dakit. Gure kasuan partida batzutan irabazi dugu, beste batzuk galdu, ez zait iruditzen beste talde batzuk baino maila gutxiago daukagunik. Akatsak ditugu eta erabakiorrak izan dira, baina Alcobendas baino talde txarragoa daukagu? ez dut uste, talde okerragoa Cajasol edo Santboi baino? ba ez dut uste. Azkenean, gu jaitsi gara eta zerbaitegatik izango da hori ere.
Jokalariak nola daude?
Talde amateurra da gurea, taldekideentzat errugbia hobby bat da. Guztiz jota daude galdu dutelako, baina goizean denak lanera joan dira. Bizitzak aurrera jarraitzen du, hau ez da Reala jaitsi zenean egon zen nazio dramaren modukoa. Lanean jarraitu beharko dugu, zer egingo dugu ba?
Maila galtzeak aldaketa handia suposatuko dizue?
Ez dut uste aldaketa handia izango denik. Azkenean, suposatzen dut gutxi gora-behera berdinek jarraituko dugula eta beraiekin hitz egin beharko dugu. Agian, bakarren batek taldea utziko du, ez dakit. Guretzako ez da horrenbesteko drama, berdin entrenatzen jarraituko dugu.
Nolakoa da Ohorezko B Maila?
Desberdina da, zeharo desberdina. Taldeek atzerritar gutxiago izaten dituzte eta normalean klub apalagoak izaten dira. Igoera lortzea ez da erraza, play offa egoten baita eta denboraldi guztia bi partidatan jokatzen duzu. Igotzea mantentzea baino zailagoa da.
Badakizu orduan zer landu beharko duzuen bereziki datorren denboraldiari begira?
Oraindik ez dut inorekin hitz egin datorren urteari buruz. Atzo jaitsi ginen eta oraindikan ez gara bildu. Gure artean hitz egin beharko dugu, berriro abiatzeko.
Edonola ere, orain Kopan parte hartuko duzue. Zein izango da zuen helburua?
Bai, datorren asteburuan jai dugu eta hurrengoan Kopa egongo da jokoan. Zozketa oraindik ez dute egin, beraz, oraindik ez dakigu noren aurka jokatuko dugun. Talde batzuk faboritoak dira argi eta garbi, adibidez, Gernika, Quesos, El Salvador… ez dutenek denboraldi borobila egin, Kopan lana hobetu nahiko dute. Gu partidaz partida joango gara, jokatzera goaz eta ea zer egiten dugun.