Josema Azpeitia -erdian-, Donostia Aisiako koordinatzailea (Argazkia: Zum Estudio)
Entzun edota
Ene bada aldizkarietan kazetari lanetan ibili ondoren, Josema Azpeitiak (Legazpi, 1969) Bilboko aisialdi gida Donostiara ekartzea pentsatu zuen. Hiru lagunekin batera sortutako 1997ko uztailean kaleratu zuten lehenengoz. Egun 15.000 ale banatzen dituzten 500 bat leku publikotan eta, oztopoak oztopo, 200. zenbakia argitaratu berri dute.
Zer da Donostia Aisia?
Hilabetean zehar Donostiak eskaintzen dituen aisialdirako aukerak jasotzen dituen aldizkaria da. Poliki-poliki, publizitate beharrengatik eta hiria den bezalakoa delako, gastronomiak pisu handia hartu du.
Nolakoa da hiriko aisi aukera?
Kultur etxe pila dago, zinema aretoak, antzokiak, Jazzaldia, Zinemaldia, Fantasiazko eta Beldurrezko astea… Beti komentatu da elitismoa badela zenbait gauzatan, baina aukera asko dago. Beste eztabaida bat da aisialdi aukera herrikoiak zenbateraino dauden… horrekin liburua idatz liteke.
Nola sortu zen Donostia Aisia?
Kazetaria naiz eta aurretik beste zenbait proiektutan ibili nintzen. Garai hartan langabezian nengoen eta Durangoko taberna batean lan egiten nuen asteburuetan. Astero, Bilboko aisialdi gida La guia de ocio iristen zen. Donostian horren hutsunea egon zitekeela iruditu zitzaidan eta Zum argazkigintza eta publizitate estudioa zuten Legazpiko bi lagunekin hitz egin nuen. Ondoren, Andoni Alonso kazetari donostiarrarekin harremanetan jarri eta aldizkariarekin hasi ginen.
14 urte eta 200 ale, bide luzea da; baina hasiera ez zen erraza izan…
Ez. Herri prentsatik nentorren eta hasieratik diru iturri bakarra publizitatea zuen doako aldizkaria izan behar zela planteatu genuen. Segituan konturatu nintzen Donostian aldizkari bat saltzea ez zela Legazpin herri aldizkari bat saltzea bezala, askoz konplikatuagoa zela. Komunikabideen eskaintzekin itota daude dendari nahiz tabernariak, dozenaka jasotzen dituzte egunero. Inork ez gintuen ezagutzen, Legazpitik gentozen, hirian galdu egiten nintzen, oso gaztea nintzen eta ez nituen hemengo baliabideak ezagutzen…
Lehen zenbakia atera zenuten…
Erabat defizitarioa izan zen. Lehen urtean zehar amets batean sinestea izan zen, hemen geundenok ez genuen ezer ateratzen, bakoitzak bestelako lana zuen. Denbora pila eman genion. Egun ere, gure lana behar bezala baloratuz gero, defizitarioa izaten jarraitzen du. Egia esan, egun, ez dakit nola ez nuen lehen hilabeteetan amore eman. Ezer gabe hasi ginen, zuzenduko zen itxaropenarekin. Zuzendu da, baina logika guztiaren kontra.
Hori ikusita honaino iristea espero al zenuen?
Burugogor xamarra naiz, beti esaten nuen, «hau atera behar da eta atera behar da». Sinesten nuen, beti uste izan dut, modu batera edo bestera, aldizkaria aurrera aterako zela.
Ibilbidearen zer nolako balorazioa egiten duzu?
Oso ona. Urteotan denetarik bizi izan dugu, baita jende asko ezagutu ere, lagunak egin…
Bizipenen bat?
Asko, denetarik. Gogoan dut Parte Zaharreko taberna batera sartu eta barran nagusiarengatik galdetu nuela. Ez zidaten kasu egin eta zer nahi nuen galdetu zidaten. Azaldu nion aisi gida atera nahi genuela eta, halako batean, gortina baten atzetik, «potrotaraino nago aisialdi gidekin» garrasia entzun zen taberna osoan. Ez nuen ezer lortu, baina denborarekin gure bezero onenetakoa eta laguna da. Beste batean, azalean Donostikluba jartzea pentsatu genuen. Ez zen oso polita eta hilabete hasieran zenez, portada berehala zaharkituta geldituko zen. Mila buelta eta eztabaidaren ondoren, hirira zetozen Auseron anaiak jarri genituen, promozioko argazki oso politarekin. Inprentara bidali eta eguerdirako kontzertua bertan behera gelditu zela jakin genuen. Inprentara deitu eta ezer egiterik ez zegoenez, nabarmen gelditu ginen.
Etorkizunari begira, zein da zuen erronka?
Produktua mantentzea. Krisiak eragin handia du komunikabideetan, eta publizitate hutsez bizi garenotan, pentsa. Hala ere, batzuen beherakada ikusita ezin gara kexatu, mantendu egin baikara. Erronka nagusia mantentzea da. Egoera aldatuz gero, eta hobe joatea lortzen badugu, orri gehiago izatea gustatuko litzaiguke. Hilero agian ez, baina ale bereziaren tankera izatea: elkarrizketekin, erreportaje sakonagoekin, atal gehiago sartzea…
Luis Irizar, Xabi Prieto, Marta Etura… Donostiar ezagun asko daude azken zenbaki berezian.
Ale guztietan egiten ez duguna egin nahi genuen, elkarrizketak eskaini eta Donostia zundatu hainbat ikuspegitik: politika, kultura, kirola, gastronomia… Elkarrizketatu zerrenda prestatu eta denek onartu zuten, ez dugu bigarren aukerara jo behar izan. Aldizkaria ezagutzen dute eta ateak erraz ireki dizkigute.
Zuretzat berezia den zenbakirik ba al da?
Lehena, noski; baita 10 urte egin genituenekoa. Oso polita izan zen eta guretzat, hunkigarria, egindakoa laburtzen baitzuen. Hauek baino bereziago da aldizkari honetatik sortu diren Ondo jan!, Urola garaia eta Goierrin egiten ditugun aldizkariak… Hauek sortzea pozgarria izan da eta horien lehen alea, garaipen txiki bat.
Sortzaileez gain, kolaboratzaile dezente dituzue…
Ditugu eta izan ditugu; batzuk mantentzen dira eta beste batzuek noizean behin parte hartzen dute. Eskerrak eman nahi dizkiot jende askori musu truk edo ia ezeren truke emandako laguntzarengatik. Ateak zabaldu eta gauzak erraztu dizkigute.