
Emakumearen Nazioarteko Egunean harira, Donostiako Koordinadora Feministak, urtero egiten duen moduan, bere aldarrikapenak ezagutzera eman ditu agiri batean. Plazandreok, Medeak, Garaipen, Bilgune Feminista, Mugarik gabe talde feministekin batera, LAB, ELA, STEE/EILAS, ESK sindikatuek parte hartzen dute koordinadoran.
Krisi ekonomikoaren eragina nabaritzen hasi zenetik egindako erreformek eta murrizketek, bereziki, emakumeak kaltetu izana gaitzetsi dute aipatu elkarteetako arduradunek. Bereziki, gizarte laguntzen gutxitzea eta pentsioen erreformaren ondorioak nabarmendu dituzte. Izan ere, laguntza sozialak jasotzen dituztenen herena hauek gabe geldituko da; eta horiek, besteak beste, umeak dituzten banandutako emakumeak, errenta baxuko pentsiodunak eta lan prekarioa duten emakumeak dira». Egoera honen aurrean, oinarrizko eskubide sozialen aldarrikapenak egi bihurtzea eta bizi baldintzak hobetzeko aurrekontuak finkatzea ezinbestekoa dela uste dute.
Pentsioei dagokienez, berriz, diru sarien %100 jasotzeko kotizatu beharreko 37 urteak osatzeko zailtasun gehien dutenak emakumeak direla zehaztu dute, beren lan baldintza kaskarren ondorioz. Hauen erakusgarri etxez etxeko laguntzaileen egoera aipatu dute. «Udala, berdintasun atala eta berdintasun plana salatu nahi ditugu, etxez etxeko laguntzaileak udaleko azpikontratatutako gainontzeko zerbitzuetakoak baino egoera okerragoetan izateagatik». Halaber, etxeko zaintza lanetan aritutako emakumeek errekonozimendurik ez izateaz gain, «inaktibotzat» jo dituztela salatu dute.
Matxismoa
Aurre egiteko hamaika oztopo dituen errealitatearen aurrean, emakumeen borrokak eta borroka feministak ez du atsedenik. Martxoaren 8a izanik, ezin ahaztu indarkeria jasaten duten emakumeak. Biktimen arreta zerbitzuko zuzendariak emandako datuen arabera, EAEn iaz 4.285 salaketa jarri ziren. Datuok ez dira guztiz egiazkoak, Koordinadora Feministaren arabera; «oraindik emakume askok isilpean pairatzen du indarkeria. Legeek ez diete segurtasunik, ez konfiantzarik, ez bermerik, ematen erasoak salatu nahi dituztenei».
Egoera honetan, egunero erasoei aurre egin eta beren burua defendatzen duten emakumeak aintzatetsi eta «politikoki zuzena den matxismoa» gaitzetsi dute. Hau, «hainbat gizon taldek aldarrikatzen duten berdintasunetik feminismoari egindako erasoa da», Koordinakundeko kideen hitzetan. Joera honek emakumeen aurkako indarkeriari buruzko hainbat uste defendatzen ditu, hala nola, «erasotzaileak ere kulturaren eta patriarkatuaren biktima dira; ez dira egiten dutenarekin ohartzen; salaketak faltsuak dira, etxea, pentsioa eta haurrak eskuratu nahi ditugu…».
Ohikoa den moduan Elizaren jarduna eta estatuarengandik jasotzen dituen diru laguntzak arbuiatu dituzte. Berdintasun legea ez betetzeaz gain, emakumeen, homosexualen eta transexualen eskubideen aurka egiten baitu. Azkenik, Tunez, Libia eta Egiptoko matxinadetan parte hartzen ari diren emakumeei elkartasuna adierazi diete, «botere aldaketa eskatzeko eta existitzen direla eta gogor egiten dutela erakutsi baitute».
Egiazko berdintasun politikak eskatu ditu euskal gehiengo sindikalak
Murrizketen aurrean emakume piztu borroka! leloarekin manifestazioa egin dute 300 bat lagunek
Iluntzeko manifestazioa eguneko hitzordu nagusia bada ere, bestelako aldarrikapen ekintzak ere izan dira egunean zehar. Antzoki Zaharrean pentsioen erreformak eta Espainiako gobernuaren murrizketek emakumeengan izango duten eragina aztertu ondoren, ELA, LAB, STEE/EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek manifestazio bateratua egin zuten.
Murrizketen aurrean emakume piztu borroka! goiburua zuen pankartaren atzetik 300 bat lagun irten dira eguerdian Bulebarretik. Erdialdeko kaleetan barrena egindako martxan «Lana badugu, enplegua orain», «Etxeko lana, guztion lana» edota «Pentsio duina emakumeontzat» oihukatu dute manifestariek. Ibilbidea amaitzean, LABeko Marikarmen Urteaga eta STEE/EILASeko Afrika Jimenezek sindikatuen idatzi bateratua irakurri aurretik, komunikabideentzat adierazpenak egin dituzte. «Denok dakigu emakumeak garela seme-alabak, senideak edo gurasoak zaintzeko lanaldi erdia edo eszedentziak eskatzen ditugunak. Guzti horrek eragina izango du pentsioetan eta erretiroan», gogoratu du Jimenezek. Berdintasun politikak «eskaparatekotzat» jo ditu Urteagak «politikoki zuzena nabarmentzen dute politikariek, baina murrizketek argi erakusten dute berdintasunaren aldeko benetako neurriak hartzeko borondaterik ez dutela». Horren aurrean, «gure eskubideen aldeko eta etorkizuneko baldintzak borrokatzea». Ildo beretik jo du ELAko Leire Txakartegik, pentsioa izateko aukera zailtzeaz gain, politikarien erabakiek «pobreziaren feminizatzea areagotu baino ez dute egiten berdintasun formala bultzatzeko aitzakian. Horregatik elkartzea eta borrokatzea inoiz baino beharrezkoagoa da».
Iaz ez bezala, ESK sindikatuak ez du goizeko ekintzan parte hartu. Hala ere, Bretxa merkatal gunearen ondoan elkarretaratzea egin dute azken neurriek emakumeei eragingo dieten kaltea gaitzesteko.
Emakume baserritarrak
Martxoaren 8arekin bat eginez, EHNEk emakume baserritarren estatutu konprometitua eta loteslea aldarrikatu du. Komunikabideetara helarazitako idatzi batean adierazi dutenez, emakume baserritarren %5a soilik heltzen da erretiro adinera 35 urte kotizatuta eta hirutik bakarrak pasatzen ditu kotizazioko 15 urteak.