Pedro eta Xabier Lazkano, aita-semak, Ategorrietako bolatokian (Argazkia: Estitxu Zabala)
Pedro Lazkanori (Altza, 1948) etxetik datorkio bola jokorako afizioa eta bere hiru semeei txikitatik irakatsi die jokatzen. Xabier (Miramon, 1980) semearekin aritzen da bikoteka Pedro, baina bakarka ere aritzen dira, baita Josu seme gazteena ere. Pedro eta Xabierrek Gipuzkoako Binakako Bola Txapelketa irabazi berri dute, bigarren aldiz. Ategorrieta klubeko kideak dira eta bertako bolatokian bildu dira aita-seme txapeldunak
Irutxuloko Hitzarekin, euren esperientziaren berri emateko.
Lau probek osatzen dute Gipuzkoako Binakako Txapelketa: Lasarte, Mutiloa, Añorga eta Legazpi. Denetan ongi aritu zarete?
Xabier: 60 lagun inguru ibili gara lehian eta hasieratik oso ongi aritu ginen. Igandero igandero bi edo hiru onenen artean geratu gara eta beti gainontzekoei aldea atera diegu.
Legazpin jokatu zenuten finala. Dagoeneko bazenekiten txapeldunak izango zinetela?
Xabier: Sei birlako aldea genuen hara joaterako eta hori alde dezentea da. Gainontzekoek irabazletzat jotzen gintuzten, baina finalean beti urduri egoten zara eta huts egitea errazagoa izaten da.
Pedro: Egia esan, txukun ibiliz gero, alde handia da, baina beti egon daiteke hanka sartzeren bat. Azkeneko bola bota arte lasai egoteko esaten dut beti, ezin baita jakin zer gertatuko den.
Eta behin txapeldunak zinetela jakitean, momentuan jaso zenituzten sariak?
Xabier: Bai, bukaeran eman zizkiguten.
Pedro: Hori izaten da bestea. Botatzen ari zaren guztietan bi txapelak eta garaikurrak aurrez aurre ikusten dituzula eta horrek errespetua ematen du… [barreak].
Elkarrekin irabazten duzuen bigarren txapelketa da.
Xabier: Bai, gainera, 2009an ere Legazpin irabazi genuen, han izan baitzen finala. Eta ekainean, Euskadiko Txapelketa ere Legazpin jokatuko denez, badugu esperantza. Bolategi talismana bezala hartuko dugu.
Irabaztearen poza handiagoa da aita-semeak izanda?
Pedro: Bai, dena etxean geratzen baita.
Lehia handia izaten al duzue jokalarien artean?
Pedro: Norberak irabaztean pozten zara, baina galtzeagatik ez da ezer ere gertatzen. Gainontzean, denak ezagutzen gara eta badakigu bakoitzaren akatsak zein diren. Orokorrean, ongi moldatzen gara eta umore asko izaten dugu gure artean. Gainera, bazkari edo afari batekin bukatzen ditugu txapelketak.
Pedro, etxetik datorkizu afizioa, ezta?
Pedro: Gazte gaztetatik hasi nintzen aitarekin. Behin oinez ikasita, aitari eskua eman eta bolategira eramaten ninduen. Sei senide gara eta horietatik bi bakarrik ibiltzen gara jokatzen. Etxean oso argazki polita daukagu, Herrerako bolategian ateratakoa. Trofeoak eskuan hartuta agertzen gara guztiak; nire aita, nire bi seme zaharrenak, Xabier eta Mikel, eta ni.
Zuek ere txikitatik ibili zarete orduan.
Xabier: Aita botatzen ikusten genuenez, guk ere hori egin nahi genuen. Gazte gutxi ibiltzen direnez, hasieran gazte mailan nahiko erraza zen irabaztea. Horrela, ilusioa hartu genuen eta jokatzen jarraitu dugu. Mikel orain Bartzelonan dabil lanean, beraz, ezin du jokatu, baina Josuk, anaia gazteenak, jarraitzen du.
Alde handia izaten da bolatoki batetik bestera?
Pedro: Bolatoki bakoitzak bere botaldi berezia du. Bakoitzak bere erara botatzen du eta, bolatokia prestatzen duenaren arabera, badakizu nola prestatua egongo den.
Zein egoeratan daude inguruko bolatokiak?
Pedro: Gipuzkoan estalitako 15 bolatoki daude eta oso egoera onean daude denak.
Xabier: Donostian, Añorga, Altza eta Ategorrietakoa bakarrik geratzen dira. Herrerakoa eta Trinitate plazakoa kendu egin baitzituzten. Polita izango litzateke Trinitate plazako bolatokia berreskuratzea, Parte Zaharrean jende asko bilduko litzateke.
Euskadiko Txapelketan maila handia espero duzue?
Pedro: 15 onenak joango gara eta lehia handia egongo da. Hala ere, gure aurtengo helburua Euskadiko Txapelketa irabaztea da, Gipuzkoan jokatzen dela aprobetxatuz. 2008an Ategorrietako bolatokian antolatu genuen Euskadiko Txapelketa eta niretzako pozik handiena bi emakumek parte hartzea izan zen.
Zer moduz dabil zuen kluba?
Pedro: 17 fitxa ditugu, baina zazpi edo zortzi ibiltzen gara txapelketetan. Gainontzekoak gutxitan ibiltzen dira eta horietako bat klubeko emakume bakarra da.
Xabier: Klubari eskertzeko asko daukagu, baina jende gehiago hurbiltzea gustatuko litzaiguke, zabalik gaude.