Ikusleek krisiak eragindako murrizketak orekatu dituzte
Donostia Kulturak 2010eko balantzea egin du.
2009an eta 2010ean bezala, Donostia Kulturaren aurrekontuen murrizketa izan bada ere «irakurketa positiboa» egin dute Denis Itxaso kultura zinegotziak eta Annton Azpitartek, patronatuaren zuzendariak. Donostia Kulturaren aurrekontu orokorra %23 murriztu dute, eta programazioari dagokionez, murrizketa are handiagoa izan dela azaldu du Itxasok: «Gure programatzeko gaitasuna %38 jaitsi da. 2008 eta 2010 bitartean gertatu da hau». Halere, publikoaren joerak krisiaren kalte ordainak nolabait orekatu egin dituela plazaratu du.
Erakundearen balantzea aurkeztu zuten atzo eta Itxasok «Gipuzkoako eta Euskadiko kultur enpresa handiena» dela adierazi zuen. Udal patronatuak laster aurkeztuko ditu administrazio kontseiluaren aurrean iazko jardueraren emaitzak. Sarrera berriak bilatzeko eta gastu estrukturalak murrizteko egin duten esfortzuaren fruitua direla azaldu dute. Diru sarrerak handiagoak izan dira gainera. Aurreikusitakoa baino 1,3 milioi euro gehiago lortu dituzte. Horrela, 2010. urte hasieran iragarritako programazioa zabaltzeko aukera izan dute.
Iaz ekin zioten, hain zuzen ere, programatzeko estrategia berriari. Eszenatoki donostiarretan izandako artistekin partekatu zuten emanaldiak prestatzeko arriskua: «Batzuk leihatilan lortutakoaren truke etorri ziren zuzenean». Itxasok formula berriak emaitza onak eman dituela azaldu du, baina aurten ezin izango dute intentsitate berarekin erabili. 2010. urtearen amaieran ikusle kopurua jaitsi egin zen, eta beraz, «ekoizleak ere ez dira baldintza hauetan jokatzeko prest izango».
Donostia Kulturaren programazioak 204.962 ikuslek jarraitu zuten iaz. 2.523.324 euroko diru sarrera ekarri zuten. Victoria Eugenia Antzokiak ia 100.000 ikusle elkartu zituen. 2009. urtearekin konparatuz gero %8,4 ko beherakada izan zuen. 10.000 ikusle inguru gutxiago. Antzoki Zaharrean ere antzeko joera izan du publikoak. 51.606 ikusle erakarri zituen iaz, 2009an baino %15,4 gutxiago.
Donostia Kulturaren sarea hazi egin zen 2010. urtearen bukaeran. Aiete kultur etxea inauguratu ondoren, hamar kultur etxek osatutako sarea du hiriak, eta laster Intxaurrondo Berrikoa irekiko dute. Iaz milioi bat erabiltzaile izan ziren kultur etxe eta liburutegietan. Zenbaki «majikoa» udal liburutegien erabiltzaile kopurua izan zen. %4 hazi zen, eta modu horretan, milioi bat bisita gainditu zituzten. Liburutegien sareak hamasei gune ditu. Egunero 3.500 pertsona joaten dira eta guztira 522.00 prestamo kudeatu dituzte.
Hain zuzen ere, kultur etxeen sarea birpentsatzen ari dira. Donostikluba zirkuitua esaterako kultur etxeak eta hiriko klubak lotuta antolatutako musika gaztearen ekimena izan da. B Aldea adibidez, hiriko jarduerei bestelako begirada bat eskaintzeko.
Donostia Kulturak aurten izango dituen erronka nagusiak San Telmo Museoa eta Intxaurrondoko kultur etxe berria irekitzea eta Donostiak 2016an Europako Kultur Hiriburu izateko hautagaitza lortzea direla azaldu du Itxasok.