Jose Luis Rebordinosek eta Josemi Beltranek Angel Salaren aldeko gutuna sinatu dute
‘A Serbian film’ proiektatzeagatik Sitgeseko zuzendariaren aurkako ekinbide judiziala abian da
Iazko ekitaldian Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Asteko zaleek ez zuten ‘A Serbian film’ ikusteko aukerarik izan, Donostiako epaitegi batek proiekzioa debekatu egin baitzuen. Kautelazko neurri gisa pelikularen proiekzioa bertan behera utzi zuen, Kode Penalaren 189. artikuluan oinarrituta, «sexu askatasunaren kontrako ustezko delitua betetzen duen edo ez erabaki arte”.
Muturreko biolentzia, torturak eta sexu irudi bortitzak erakusten omen ditu filmak, eta horrek hautsak harrotu zituen. Halere, 2010eko ezusteko handienetarikoa izan zen, proiektatu zuten jaialdietan hautsak harrotu ez ezik kritika onak ere jaso zituen eta.
Donostian ez; Sitgesen, ordea, bai, pelikula proiektatu egin zuten. Eta orain, jaialdiaren zuzendari Angel Salaren aurkako ekinbide judiziala abian jarri du Bartzelonako Fiskaltzak. Euskal Herriko eta Espainiako hainbat zinema jaialdiren zuzendariek gutuna sinatu dute haren alde. Donostiako Zinemaldiko Jose Luis Rebordinos eta Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Asteko Josemi Beltran zuzendariak daude sinatzaileen artean. Huelva, Sevilla, Las Palmas, Granada, Xixon, Iruñea eta Valladolideko jaialdietako zuzendariek osatu dute zerrenda. «Harrituta» daudela adierazi dute: «2010eko jaialdian batzuen ustez bortizkeria, pornografia eta haurren eskubideen aurkako edukiak» erakusten dituen ‘A Serbian film’ pelikula soilik helduentzako emanaldietan eman zuten eta.
Erantzukizuna kultur programatzaile bati «eta ez eduki horien erantzule teorikoei (izatekotan, zuzendariari eta ekoizleei)» egotzi izanak are harridura handiagoa eragin diela azaldu dute. Salari babesa adierazi nahi izan diote, eta azken urtean ‘A Serbian film’ Bruselan, Londresen, Oporton, Sofian, Hanburgon, San Frantziskon, Helsinkin edota Hego Korean proiektatu dutela gogora ekarri dute.
Gainera, «munduko bi zinema merkatu entzutetsuenetan eman dute, Cannesen eta Santa Monican. Eta orain arte inork ez du filmaren, ezta filmaren arduradunen edo programatzaileen aurkako salaketa judizialki egin». Srdjan Spasojevic zuzendariaren filmak sari garrantzitsuak eskuratu dituela nabarmendu nahi izan dute. Montrealen film onenarena, Europako film onenaren urrezko saria, eta film berritzaileenarena jaso zituen. Oportoko Fantasporto Zinema jaialdian publikoaren saria lortu zuen duela hilabete eskas, eta Serbiako FIPRESCI Zinemaldian gidoi onenaren saria eskuratu zuen.
Era berean, Bartzelonako Fiskaltzaren jokabidea salatu dute: «iraganeko kontutzat jotzen genituen adierazpen askatasunaren eta kultur programazioaren aurkako zentsurazko traben garaiak ekarri dizkigu gogora».