Kultur ekitaldi guztiak batuko dituen ataria
Londresera joan eta Time Out aldizkaria hartuta, egun horietan hiriburuan izango diren ekimen guztien berri izateko aukera dago. Donostia Kulturak helburu horri heldu dio, eta donostiakultura.com ataria berritu du, kultur eskaintza osoaren atari bilakatzeko.
Orain arte, Donostia Kulturak antolatzen zituen jarduerak bakarrik kontsulta zitezkeen webgunean. Egunetik egunera indar handiagoa izango duen webgunean, baina, Kursaalen, musika aretoetan, arte galerietan eta beste hainbat lekutan antolatzen diren ekimenak plazaratuko dituzte.
Denis Itxaso Kultura zinegotziak argitu bezala, ez da sarean lanean ari diren webguneetara lotura izango. Behar bezala ordenatutako informazio leihoa izango da. Hortaz, kultur ekimenen bat esku artean duenak, beharrezko datuak bete eta webgunean iragartzeko aukera izango du.
Horretaz gain, bideoak igotzeko atala eratu dute, informazioa nahiz ekimenen hedapena are erakargarriagoa izan dadin. Norbanakoak bere agenda egituratzeko aukera izango du, era berean. Haurrek, gazteek edota euskarazko edukien bila dabiltzanek eskaintza berezitua jaso dezakete.
Bi urtez landu dute eta 80.000 euro inbertitu dituzte.