Handia izan arren, gora begiratu behar da Fermin Calbeton eta Mandasko dukea jaio ziren etxeko oroigarria ikusteko. (Argazkia: Mikel Goñi)
Parte Zaharrean, burua altxatuta, gorantz begira ibiltzea zaila den arren, oso aberasgarria izan daiteke. Hain zuzen ere, modu honetan aritzeak hormetan, begien altuera baino garaiago dauden plaka historikoak zein argigarriak ikusteko aukera ematen baitu, paseoa are interesgarriagoa eginez. Begiratua altxatzen duenak, besteak beste, Fermin Calbetoneko, Narrikako edota Abuztuaren 31ren kaleko hainbat etxetako kanpo hormetan pertsonen omenezko idazkiak edota historiaren pasarteak gogora ekartzen dituzten idazkunak ikusiko ditu.
Frantziatik etorri dira Patricia eta Krovean. Santa Mariaren eliza ikusi ondoren Abuztuaren 31ean barrena abiatu dira, San Jeronimo kalera iristeko asmotan. Baina, konturatu gabe ere, pasatu dira 1813ko erretzearen ondoren udaletxe lanak egin zituen etxe azpitik. «Inork ez digu esan plaka horiek zeudenik, gida batekin ibili gara eta ez digu ezertxo ere esan», aitortu dute plaken berri izatean. Kanpotarra izan gabe, donostiar gehienenak ere idazkunen berri jaso gabe pasatzen dira horietako askoren azpitik.
Historiaren pasarte hori gogoratzen duen plaka 1893. urtekoa izan arren, euskaraz aurki daiteken gutxietakoa da. Hori eta azkeneko hamarkadetan jarritakoak salbuespenak direlako eta gainontzekoak erdara hutsez jarriak baitira. Honen adibidea da Fermin Calbeton zein Fermin Lasala, Mandasko dukea, jaio zireneko etxea markatzen duen harrizko ezkutua. Kasu honetan, pintxo tabernen distirek pertsonaia handien argia ere itzaltzen dute.
Aseguru eta izen zaharrak
Pertsonaia famatuez eta historiako une garrantzitsuez gain, hormetako plaka altuek bestelako informazioa ematen dute. Parte Zaharreko zein Erdialdeko etxe zaharretako hormetan, azulejo zuri bakartiak ikus daitezke, bertan Sos. Mos. Sn. Sn. irakur daiteke letra urdin zein beltzetan. Ramiro Germanen zapatari-tailerraren parean, Arrandegi kalean badago honen adibidea. «Oker ezean, horiek aseguru etxeen ikurrak ziren, poliza ordainduta zegoen seinalea-edo», adierazi du azulejo aldera keinu eginez.
Beste mota batekoak dira kaleen izenak adierazten duten plakak. Donostian ohikoak direnez gain, Parte Zaharrean beste batzuk daude; hain zuzen, elkarte pribatu batek jarri dituenak. Esaterako, oraingo San Lorenzo kaleak garai batean Asto kalea izan zuela gogoratzen dute. Erroak zeintzuk diren buruan fresko mantentzea dute helburu. Baina, batzuetan, sustraiak non dituzten ikusteko, gorantz begiratu behar da.
Mikel Laboaren omenezko plakari gutxik erreparatzen diote. (Argazkia: Mikel Goñi).