Martuteneko kirol-pistak argitzeko eskatu du Hamaikabatek
Martuteneko auzotarren aldarrikapen nagusietako bat aisi-guneak eta haurrek jolasteko eremuak izan dira. Behar horiei erantzuteko, kirol pistak jarri zituzten, horiek erabiltzeko, ordea, behar besteko argiztapenik ez dutela salatu du Hamaikabateko bozeramaileak, Jaione Arratibelek. Hori dela eta, proposamena aurkeztuko du Arratibelek Eremu Publikoko batzordean, Udal Gobernuak beharrezko farola edo argiztapena jar dezan.
“Erabili gabe”
Pistak argiturik ez egoteak, erabilpena mugatzen duela adierazi du Arratibelek. “Neguan, eguzki-orduak askoz ere murritzagoak direnean, haurrek ezin dute kirol-pistetan ibili, libre duten orduetan ilun dagoelako”, esan du bozermaileak.
Jaione Arratibelek gaineratu duenez, “lastima da kirol-pistak eraikitzeko egin den inbertsioaren eta ahaleginaren ondoren, argiztapen faltagatik erabili gabe geratzea”.