Piezaz pieza, jakintza sortzen
Legoek haurrek beraien fantasiazko munduak eraikitzeko piezak dira. Baina ez hori bakarrik. Amestutakoak gauzatu eta ikasteko tresna ere izan daitezke. Esaterako, robot bat egiteko. Ideia horretan oinarritzen da First Lego League txapelketa, baina ez da inolako jolasa. Aieteko Axular Lizeoko ikasleek osatutako Axular Overclock taldeko gaztetxoek ondo baino hobeto dakite hori.
Eskola orduetatik kanpo eta jaietan egindako lan eskergak iaz Europako txapelketara eraman zituen. Istanbulera bide luzeak ez zituen adoregabetu, berriro lehiaketan parte hartzea erabaki baitzuten. Abenduan jokatutako Euskadiko kanporaketan Guztiontzako diseinua sariarekin batera, Espainiako finalerako txartela lortu zuten. Innobasquekeren Bilboko egoitzan, larunbatean, San Louiseko (AEB) munduko txapelketan edota Herbeheretako Europakoan sartzen saiatuko dira.
Itsuen gidaria
Urtero zientziaren edo teknologiaren alorreko gai bat ardatz hartzen dute FLLaren antolatzaileek. Aurten ingeniaritza biomedikoa aukeratu dute taldeen lanetarako. Partaideek hiru atal landu behar dituzte: proiektu zientifikoa, proiektu teknikoa eta robota. Ikasturte hasieratik buru belarri aritu diren DBH 3, DBH 4 eta Batxilergoko 1. mailako 10 ikasleek proiektu zientifikoa erabakitzen izan dute zailtasun gehien. Kostata, baina Ukimen Plano Dinamikoa (UPD) sistema adimentsua sortu eta Espainiako patente eta marken bulegoan erregistroa eskatu dute. Honek, braille lerroan eta ukimen kartografian oinarrituta, ikusmen arazoak dituzten pertsonak eraikin ezezagunetan orientatzen laguntzea du helburu. Sistema erabiliko lukeen ordenagailuak, ahots nahiz braille bidez adieraziko lioke erabiltzaileari bere kokalekua. Bestalde, robotikan izan dezaken erabilera ere landu dute. Emaitza ZoruBOT UPD unitate autonomoa da. Roomba zoru garbitzaileen antzekoa, makulua bertan sartuta bidea erakutsiko lioke erabiltzaileari.
Lehiaketako beste bi atalek robotarekin lotura dute. Batetik misioak gauzatuko dituen robota egin eta programatu behar dute; bestetik, lan hori proiektu teknikoan jaso. Iazko esperientzia lagungarri izaten ari zaie alor hauetan. Axularrekoek gainontzeko partaideen proba eta mahai bera dituzte, baina @.txus robota berezia da. «Misio askotan gauzak hartu eta eraman behar dira, horregatik kaiola gehitu diogu. Sentsoreak moldatu eta atzeko gurpilari pneumatikoa kendu diogu, marruskadura gutxitzen baitu», zerrendatu ditu Imanol Perez taldekideak.
Lana egiteko modua hobetzeko ere balio izan die. Haritz Olaberri ikasleak azaldu duenez, ordu asko lan egin arren, emankorragoak izan dira. «Iaz gauza bakoitza zer zen eta nola egin behar zen ulertzea zen, aurten, gehiago izan da gauzak egitea». Horrez gain, elkar ezagutzeak taldeko lana ere erraztu du. Hala ere, jende berria gehitu da aurtengo taldera. Onintza Unzurrunzaga da horietako bat. «Gehien erakarri ninduena robota izan zen, baina gero harrapatu egiten zaitu».
Sailkatzeko aukerekin baikor
Katalunia edota Madrilgo ikastetxeek, esaterako, maila altuagoa dutela jakin arren, sailkatzea espero dute. «Gauzak ondo eginda daude, metodologia zorrotzagoarekin; proiektua bera oso interesgarria da, robotarekin ere puntu dezente gehiago lotzen ditugu. Itxaropentsu gaude», aitortu du Santxezek. Asteartean kazetariarentzat egindako erakustaldian ikusita arrazoirik ez zaie falta. @.txusek egun ona ez badu, kantuan puntuak biltzen saiatu beharko dute Overclockekoek. Izan ere, proiektuaren nondik norakoak aintzat hartuta, itsuen erromantze izeneko koplak bilakatu baitituzte.