Sexualitateaz, lotsarik gabe
Txalo taldeak 'Baginaren bakarrizketak' aurkeztuko du.
Emakumeak euren sexualitatearen inguruan sentitzen duten lotsa eta erruduntasun sentipenetatik askatzeko, eta baginaren inguruan lotsarik gabe eta argi eta garbi hitz egiteko. Hura izan zen New Yorkeko Eve Ensler antzerkigilearen helburua. Hark idatzi zuen obra originala, ‘The Vagina Monologues’, 1996an. Berrehun emakumetik gora elkarrizketatu zituen, eta haien sexualitatearen inguruko kezkak, lotsak eta testigantzak jaso zituen. Harrez gero ehundik gora hizkuntzetara itzuli dute, eta hainbat herrialdetako eszenatokitara eraman dute antzerki konpainia desberdinek. Gehien antzeztutako testu garaikideen zerrendan dago. Donostian gaztelaniazko bertsioa iritsi zen iaz, udan. Orain, Txalo konpainiak euskaraz taularatuko du ‘Baginaren bakarrizketak’ Antzoki Zaharrean, bihar eta etzi.
Ainhoa Garai eta Aitziber Garmendia aktoreek emango diete ahotsa istorio sare honetako emakume guztiei. Publikoarekin, aurrez aurre, eta naturaltasun osoz partekatuko dituzte. Horretan datza, aktoreen ustez, antzezlanaren arrakasta. Umorez bustitako antzezlana bada ere, istorio ilun eta tristeak ere jasotzen ditu obrak. Umorea, samurtasuna eta izua tartekatzen baitira, aldi berean: sexu esperientziak, zalantzak, bitxikeriak, bortxaketak, indarkeria matxista…
Bi emanaldi egingo ditu Txalok ostiralean eta larunbatean, 20:00etan. Sarrerak 18 eta 15 eurotan daude salgai.