Berandu, baina elurrarekin
webgunean ikusteko aukera izango du.
DONOSTIA TROFEOA
Donostia Trofeoaren V. ekitaldia jokatuko dute asteburu honetan. «Aurtengo denboraldia ez da modu hoberenean hasi, elur eskasiaren ondorioz. Hala ere, egoeraren aldaketaren zain, Vasco de Camping elkarteko kideak mugitu gara, urteroko iraupen eskiaren festa zuekin ospatzeko», adierazi dute antolatzaileek euren webgunearen bidez. Ohikoa den moduan, Somporteko eski estazioan izango da proba, baina hilabete bateko atzerapenarekin. Izan ere, otsailaren 13rako iragarrita zegoen arren, elur faltagatik atzeratu egin behar izan zuten eta azkenean, etzi jokatuko dute. «Proba atzeratu genuen momentutik jarri genuen martxoaren 13ko data. Jendea jakinaren gainean dago eta ez da arazo handiegirik egon antolakuntza aldetik», adierazi dio Vasco de Campingeko Lurdes Blancok Irutxuloko Hitzari.
Somporteko proba eskiatzaile afizionatu guztiei zabalik dago eta horregatik, lasterketa soziala dela azpimarratu du Blancok, behin baino gehiagotan. Hala, partaideak toki askotakoak izaten dira: Gipuzkoar asko, nafarrak, aragoitarrak, frantsesak… Orokorrean, Somport inguruan ibiltzen diren eskiatzaileak. Hori bai, lasterketan parte hartzeko, hainbat betekizun bete behar dituzte: Federatuak egon behar dira edo asegurua izan behar dute eta fisikoki prestatuak egon behar dira aukeratutako distantzia arazorik gabe bukatzeko.
Lasterketaren prestakuntzari dagokionean, ongi dabiltza, baina igandean laguntza asko behar izaten dutela onartu dute. «Lasterketa aurreko lana egiteko bizpahiru lagunekin moldatzen gara, baina lasterketaren egunean laguntza behar izaten dugu, kontrolak jartzeko, denborak hartzeko…», adierazi du Blancok. Edonola ere, lasterketaren antolakuntzaren pisua, CVCko iraupen eski taldeak dauka. «Gure taldeak lasterketa askotan parte hartzen du eta duela bost urte guk ere lasterketa bat antolatzea pentsatu genuen. Horrela hasi ginen eta izenak kluba hemengoa dela islatzea nahi genuen».
Azken unea arte
Oraindik lasterketaren berri ez zuenak eta parte hartzea gustatuko litzaiokena, garaiz dabil. Izan ere, bihar da klubean bertan edo posta elektroniko bidez izena emateko azken eguna. Bestela, Somporten bertan, larunbatean ere horretarako aukera egongo da. Gainera, antolatzaileen esanetan, askok eta askok azken unea arte itxaroten dute.
Adin guztietako eskiatzaileek parte hartuko dute proban, haurrentzako bereziki prestatutako ibilbideak ere egongo baitira. Hala, 1999 baino lehen jaiotako guztiek parte hartzeko aukera dute. Guztira, lau ibilbide desberdin daude, haurrentzako bi, 1’5 eta 3 kilometrotakoak. Helduentzako, berriz, beste bi, 10 eta 16 kilometrotakoak.
Gainera, maila guztietako lehenengo hiru sailkatuentzako sariak egongo dira, baita klubeko lehenengoentzat ere. Sari banaketa estazioan bertan egingo dute, lasterketa bukatu bezain laster. Sailkapen osoa kontsultatu nahi duenak lasterketaren
- Zer. V. Donostia Trofeoa, eski lasterketa.
- Noiz. Martxoak 13.
- Ibilbidea. Lau ibilbide daude aukeran, haurrentzako bi (1,5 km eta 3 km) eta helduentzako beste bi (10 km eta 16 km).
- Izen ematea. Vasco de Campingen Groseko egoitzan (Iparragirre, 8 ) edo posta elektronikoz, esquidefondo@vascodecamping.org. Gaur arte, bestela, bihar, Somporten bertan.
- Informazio gehiagorako. trofeodonostiacvc@gmail.com edo 943-27 18 66 telefonoan.