Errautsak antzezlanak irabazi du XI. Donostia Antzerki Saria
Errautsak antzezlanak irabazi du Euskararen Udal Patronatuak eta Donostia Kulturak antolatutako XI. Donostia Antzerki Saria. Hegoalde eta iparraldeko hiru konpainiek elkarlanean ekoiztu dute Errautsak: Artedrama, Le Petit Theatre de Pain eta Dejabu Panpin. Sari ematea Antzerkiaren Nazioarteko Egunean egingo dute, martxoaren 27an, 20:00etan, Victoria Eugenia antzokian.
Talde irabazleak 10.000 euro eta Ainize Txopitearen margolan bat jasoko ditu. Hala, 8.000 euro orain eskuratuko ditu eta gainerako 2.000 euroak jasotzeko, 2013. urtea bukatu aurretik euskarazko antzerki lan berri bat eskaini beharko dute Donostian. Horrez gain eta aurtengo berritasun gisa, ikuskizun berri hori prestatzeko bi aste egin ahal izango dituzte iparraldeko Harri Xurin dagoen produkzio gunean, gastu guztiak ordainduta. Harri Xuri produkzio gunea sormena lantzeko eta sustatzeko gunea da eta bertan leku berezia eskaintzen zaio euskarazko sorkuntzari.